ELAk eta LABek biharko zaintza sektoreko greba deitu dute

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2021ko mar. 3a, 09:53
Zaintza sektoreko langileek protestak egin zituzten abenduan. Artxiboko argazkia.

Zaintza sistema publikoa aldarrikatuko dute sektoreko profesionalek, eta eskualdeko hainbat eragilek bat egin dute sindikatuen greba deialdiarekin.

ELA eta LAB sindikatuek greba deitu dute biharko, zaintza sektore publikoa aldarrikatzeko; eskualdeko hainbat eragilek bat egin dute deialdiarekin, besteak beste, pentsiodunen plataformek, talde feministek, Itaiak, Irauli Zaintza taldeak eta Malen Etxea elkarteak.

Hala, LABek gogorarazi du bizitzako uneren batean «herritar guztiek» biziko dutela mendekotasun egoeraren bat, eta «sistema publikoaren ardura» dela behar horiei erantzuna ematea. «Dena dela, gaur egungo gizarte zerbitzuen sistema ez dago horretara bideratuta. Erantzukizun publikoa izan arren, zerbitzu gehienak pribatizatuta edo azpikontratatuta daude, enpresen onura ekonomikoak, asistentzia zerbitzuen gainetik jarriz». Horregatik, hirugarren aldiz kalera aterako dira zaintza sektorean lan egiten duten profesionalak, zaintza eredua aldatzeko eskatzeko –azaroaren 17an eta urtarrilaren 26an ere mobilizazioak egin zituzten–.

Zaintza sektore publikoa
Emakumeen Nazioarteko Egunaren atarian izango da greba eguna, eta ELAk erakundeen jarrera salatu nahi izan du. «Eusko Jaurlaritzak, Emakunderen bitartez, Nork Zaintzen du? izeneko kanpaina sortu du Martxoaren 8rako, arazoari irtenbidea emateko gizartearen eta erakundeen inplikazioa eskatuz. ELAk urteak daramatza arazoa mahai gainean jartzen, baina Eusko Jaurlaritza bezalako erakundeek beste aldera begiratu dute. Martxoaren 8an hitz politez betetzen zaie ahoa, baina egunerokoan eta izurritearen aurrean bakarrik uzten dituzte langileak», salatu dute.

Horregatik, sektoreko profesionalek zaintza publikoa aldarrikatuko dute bihar: «Langile publikoak izango dituen sistema; hurbileko zaintza goxoa bermatuko duena, zaintza behar duten pertsonak modu duin eta integralean artatuak izan daitezen; lan baldintza duinak izango dituena; genero arrakala ezabatzeko benetako neurriak hartuko dituena; baita laneko osasuna bermatzeko neurri eraginkorrak izango dituen sistema ere».

Hori dela eta, zaintza sektorean lan egiten duten profesionalak biharko greban parte hartzera deitu dituzte ELA eta LAB sindikatuek.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!