Positibo bat atzeman dute Orion azken orduetan

Julene Frantzesena 2021ko mar. 3a, 12:53

Eskualdean hiru positibo zenbatu zituzten atzo, guztira; positibo bana Orion, Zestoan eta Zumaian.

Azken hilabeteetako daturik onena atzo jaso zuten Urola Kostan: hiru positibo baino ez zituen zenbatu Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eskualdeko herritarrei gauzatutako PCR eta antigeno probetan –ez du zehazten zenbat proba egiten dituen herri bakoitzean–. Hain zuzen ere, Orion, Zestoan eta Zumaian detektatu zituzten atzokoan positiboak, herri bakoitzean bana. Aian, berriz, ez zuten positiborik atzeman.

100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasari erreparatuz gero, 5.000 biztanletik gorako eskualdeko herrietako egoerak nabarmen egin du hobera azken astebeteetan; izan ere, biztanle kopuru hori gainditzen duten herrietako tasak 300etik beherakoak dira, eta beraz, eremu horian daude herriok. Orion, esaterako, 163koa da. Aian ez da semaforo sistema aplikatzen, 5.000 biztanle baino gutxiago dituelako, baina intzidentzia tasa 252 ingurukoa da.

Atzo, 8.213 PCR eta antigeno proba egin zituen Osakidetzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta orotara, 340 lagunek eman zuten positibo horietan. Nafarroan, berriz, 1.754 test gauzatu zituen Osasunbideak, eta horietako 59k eman zuten emaitza positiboa. Horrenbestez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako positibotasun tasa %4,1 da, eta Nafarroan, %3,4.

Ospitaleetako egoerak antzekoa izaten segitzen du Osakidetzak jakinarazi duenez: atzo 45 lagun ospitaleratu zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan COVID-19aren eraginez, eta gaur-gaurkoz, 267 lagun daude hiru lurralde horietako erietxeetan, bezperan baino bat gutxiago. Dena den, ZIUetako egoerak okerrera egin zuen atzokoan; izan ere, bost lagun ospitaleratu zituzten unitate horietan, eta orain, 126 lagun daude ospitaleratuta, bezperan baino bost gehiago. Nafarroako Gobernuak ez du ospitaleetako informaziorik eman.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!