Kalean da martxoko KARKARA aldizkaria

Karkara 2021ko mar. 5a, 15:43

Orion bizi den Ileana Quiñones zientzialariari eman zaio aldizkariaren azala. Garunaren gaineko puntako ikerketetan murgilduta dago kubatarra, Donostiako BCBL zentroan. Hilabete honetako berritasun nagusia GUKA magazina da, aurrerantzean hilero aldizkari barruan joango den hamasei orriko gehigarria.

Banatzaileak hasi dira dagoeneko KARKARAren martxoko zenbakia Orioko eta Aiako postontzietan banatzen. Aldizkariaren azalean Ileana Quiñonesekin egingo dute topo irakurleek, punta puntako zientzialariarekin. Habanan jaio zen 1981ean, eta Orion bizi da gaur egun familiarekin. Basque Center on Cognition, Brain and Language zentruan ikertzaile koordinatzailea da, eta titular hau jarri zaio eman duen elkarrizketa mamitsuari: "Minbizia duten pertsonek ebakuntzaren ondoren zer eboluzio izango duten aurreikusi nahi dugu".

Maria Sagrario Mirallesi ere egin zaio ondo merezitako tokia aldizkarian, eta artikulua eman da argitara herriari egin zion ekarpena gogora ekarriz. Bestalde, izurriteak urtebete egingo du martxoan, eta azken hamabi hilabeteen errepasoa ere egin da argazkien bidez. Horrez guztiaz gain, ohiko kolaboratzaileen artikuluak ere topatuko dituzte irakurleek KARKARAren 426.zenbakian.

GUKA gehigarria da hil honetako aldizkariaren berritasun nagusia, Urolako Komunikazio Taldearen produktu berria. Hilabetero joango da KARKARAren barruan, eskualdeko eduki freskoekin. Oraingo honetan, Felix Zubia medikua eta Amancay Gaztañaga dira gehiagarriko protagonista nagusiak.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!