Hiru koronabirus kasu berri atzeman dituzte Orion azken lau egunetan

Dorleta Agiriano Lai 2021ko mar. 22a, 13:44

Intzidentzia tasak behera egin du Orion apur bat, eta Aian ez dute kasu berririk atzeman. Hego Euskal Herriari dagokionez, goranzko joera berresten dute azken datuek.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur jakinarazi du zenbat kasu positibo baieztatu dituzten udalerri bakoitzean aurreko ostegunetik atzora bitartean. Urola Kosta eskualdean, guztira, 31 emaitza positibo izan dira ostegunetik igandera bitartean egindako PCR eta antigeno probetan, eta horietako hiru Orion atzeman dituzte. Dena den, apur bat jaitsi da aurreko ostegunetik 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasa: 163,08 zen ostegunean, eta 146,77koa da gaur egun. Aian, berriz, ez dute koronabirus kasu berririk atzeman azken lau egunetan.

Gainontzeko herriei erreparatuta, oraingoan ere Zarautzen atzeman dituzte positibo gehien, hain zuzen, hemeretzi –seina kasu osteguneko eta ostiraleko probetan, hiru larunbatekoetan eta lau atzokoetan–. 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasak gora egiten jarraitzen du Zarautzen, eta 282,69koa da gaur-gaurkoz –herrikako azkeneko datuekin, asteazkenekoekin, 239,86koa zen tasa–.

Azkoitian lau positibo zenbatu dituzte azkeneko lau egunetan; kasu bana osteguneko, ostiraleko, larunbateko eta atzoko probetan. Ostegunean argitara ateratako emaitzekin 83,45ekoa zen intzidentzia tasa Azkoitian, baina zenbatekoak gora egin du azken lau egunetan erregistratutako datuekin, eta 100,14koa da une honetan.

Azpeitian, bestalde, hiru emaitza positibo izan dira ostegunetik atzora bitartean; bana ostegunean, ostiralean eta larunbatean, eta bat bera ere ez atzo. Kasu metatuen tasa 151,12koa da orain Azpeitian, eta Zarautzek eta Azkoitiak bezala, eremu horian jarraitzen du.

Zestoan eta Zumaian kasu bana detektatu dute azken lau egunetan, larunbatean egindako probetan biak. Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Getarian, ordea, ez da emaitza positiborik izan ostegunetik atzora bitartean.

1.781 kasu Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herrian 395 kasu positibo detektatu dituzte atzo egindako probetan; 166 Bizkaian, 104 Gipuzkoan, 66 Nafarroan, 58 Araban eta bat beste lurralde batean bizi diren pertsonen artean. Positibotasun tasa gorantz doa Nafarroan eta %5,7koa izan da azken orduetan; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, aldiz, %4,2koa izan da atzoko probetan –herenegungoetan %4,6koa izan zen–.

Ostegunetik igandera bitartean, orotara, 1.781 emaitza positibo izan dira Hego Euskal herrian.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 228 pertsona daude Osakidetzaren erietxeetan ospitaleratuta, eta horietatik 90 daude ZIUn. Atzo 31 lagun ospitaleratu zituzten COVID-19ak jota.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!