Herritar ugari batu da Zubietako erraustegia geldiaraztea eskatzeko martxara

Maria Maya Manterola 2021ko mar. 27a, 16:30
Argazkia: @JulenBegi

"Etsitzeko motiboak izan arren, arazo honi aurre egiteko garaia da", nabarmendu dute martxaren antolatzaileek. Zubietako erraustegiaren ataritik agintariei planta geldiarazteko, hondakinak kudeatzeko sistemak Gipuzkoa osora zabaltzeko eta herritarren ongizatea errespetatzeko eskatu diete.

Zubietako erraustegia gelditzeko eta "hondakinak ondo kudeatzeko sistemak" eskatzeko, hainbat herritar mobilizatu da gaur, larunbata. Hain zuzen ere, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak antolatutako martxan parte hartu dute dozenaka herritarrek. Lasarte Oriako Okendo plazatik abiatu da protesta, eta Zubietako erraustegiaren aurrean amaitu. 

Antolatzaileen hitzetan, "etsitzeko motiboak izan arren, arazoari aurre egiteko garaia da". Aipatu dute hondakinen kudeaketa eta erraustegia bera aski arrazoi direla mobilizatzeko, eta koronabirusak sortutako krisialdia baliatu dutela zabor gehiago sortzeko. "Birziklatzean atzera egin dugu, eta lehen baino hondakin gehiago bidali dituzte erretzera", azaldu dute. 

Hala eta guztiz, esan dute amore emanda ez direla arazo horiek hobetuko, are gehiago okertu baizik. Zaldibarreko kasua izan dute hizketagai: "Desastre gehiago gertatuko dira, ez baldin badira hondakinen kudeaketan gauzak beste era batera egiten". 

Zubietako erraustegiaren ataritik esker ona aitortu diete Gipuzkoa osoan beren hondakinak ondo kudeatzen saiatzen ari diren herritarrei, udalerriei eta mankomunitateei. Era berean, "gaizki ari direnei" norbere hondakinen ardura har dezaten eskatu diete, "erraustegi munstroa elikatzeari utzita". 

"Gure umeak eta gure umeen umeak dauzkagu begira. Guk gaizki egindako gauza bakoitzaren ondorioak haiek nozituko dituzte: haiek pagatu beharko dituzte gure zorrak, haien osasunak sufrituko ditu gure zabarkeriak eragindako gaixotasunak, haiek bizi beharko dute klima gero eta zoratuago baten hondamendiak sufrituz", gaineratu dute. 

"Hondakin industrialak ere erre nahi dituzte"

"Elite politiko eta enpresarialaren ustelkeria salatzeko" ere elkartu dira herritarrak, antolatzaileen arabera. "Gipuzkoako agintari ustelek" iraunkortasuna, ekonomia zirkularra edota klimaren iraultza aipatu arren, "betiko enpresa handiek martxan jarritako plana" dela salatu dute, "haien sozio diren politikariekin bat eginda". 

Gizartea eta ekonomia gaizki kudeatzeko moduaren adibide da erraustegia, mugimenduak aipatu duenaren arabera. Gainera, salatu dute agintariek eta enpresaburuek herritarrak engainatu nahi izana, "komunikabide pribatu eta publiko handiekin errealitatea manipulatuz". Haien hitzetan, erraustegia egiteko erabakia ez zuten hartu hiri hondakinak kudeatzeko, eta hiri hondakinak ez ezik, industrialak ere erreko dituzte bertan. 

Zubietako erraustegian zer, nork kontrolatuta eta zer babes neurrirekin erretzen duten ezkutatzea egotzi diete agintariei. Gainera, Markel Olanok eta Jose Ignacio Asensiok Arkaitzerrekako isurketa herritarren salaketaren ondorio da, antolatzaileen arabera. 

Gipuzkoako agintari nagusiei mezua bidaltzeko baliatu dute hitzartzea. Zubietako erraustegia geldiarazteko eskatzeaz gain, ondo kudeatzeko sistemak Gipuzkoa osora zabaltzeko eskatu dute. Herritarrak ere izan dituzte gogoan: "Errespetatu itzazue gaurko eta biharko herritarren osasun eta ongizate eskubideak", amaitu dute.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!