Aian positibo bat izan da azken hiru egunetan, eta Orion bat ere ez

Andoni Elduaien 2021ko mar. 29a, 13:36

Asteburuko positiboarekin, 403,02ra igo da intzidentzia tasa Aian. Orio, aldiz, eremu berdean sartu da, tasa 48,92ra jaitsi eta gero.

Eusko Jaurlaritzak eguneratu ditu izurritearen gaineko datuak, eta horien arabera, azken hiru egunetan positibo bat izan da Aian. 403,02ko tasa du herriak gaur gaurkoz,  eta ikusi egin beharko da izurriteak Aian duen eboluzioa, Osasun Sailak apirilaren 6an eguneratuko baitu 400dik gorako tasa dutelako itxi beharreko herrien zerrenda. Orion, aldiz, azken egunetako datuak onak izan dira, ez delako positiborik izan. Intzidentzia tasa aspaldiko kopururik baxuenean kokatu da, 48,92an hain zuzen ere, eta herria eremu berdean sartu da.

Urola Kostan hamabost kasu positibo hauteman dituzte denera asteburuan. Kasu gehien Zarautzen detektatu dute: zortzi positibo. Kasu bat zenbatu zuten ostiralean, hiru larunbatean eta lau atzo. Intzidentzia tasa 235,58koa da Zarautzen, eta 5.000 biztanletik gorako eskualdeko herrien artean tasarik handiena duen herria da. Zarautzen ondoren, Azkoitian baieztatu dituzte kasu gehien: sei kasu. Lau positibo zenbatu zituzten ostiraleko probetan eta bi larunbatean. Intzidentzia tasa 125,18ra igo da han.

Zumaian, bestalde, lau kasu atzeman dituzte, hiru ostiralean eta bat larunbatean. Intzidentzia atsa 183,17koa da. Azpeitian, berriz, bi kasu zenbatu dituzte, biak atzo egindako probetan. Kasu metatuen tasa 118,27koa da.

Albiste onik ere utzi du asteburuak eskualdean; izan ere, Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen, Getarian eta Zestoan ez dute kasu positibo bakar bat ere hauteman. Zestoak 282,49ko intzidentzia tasa du, baina positiborik hauteman ez duten gainerako lau herrietan intzidentzia tasa 0an dute.

500 kasuko langatik gora

Hego Euskal Herrian, 504 kasu positibo zenbatu zituzten atzo, igandea. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 5.632 test diagnostiko egin zituzten, eta 362 positibo hauteman zituzten. 183 kasu baieztatu zituzten Bizkaian, 119 Gipuzkoan eta 57 Araban. Hala eta guztiz ere, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren hiru pertsonak ere positibo eman zuten gaixotasuna detektatzeko probaren batean. Nafarroan, berriz 1.713 test egin zituzten atzo, eta 142 kasu positibo hauteman zituzten. Hori horrela, positibotasun tasa igo egin da berriz ere han; %8,3koa da datua Nafarroan.

Ospitaleen egoerari ere egin dio aipamena Osakidetzako txostenak. COVIDaren ondorioz 24 pertsona ospitaleratu ziren atzo, eta COVIDa duten 85 pertsona ZIUn daude. Gaur-gaurkoz 278 lagun daude Araba, Bizkai edo Gipuzkoako erietxeetan ospitaleratuta; martxoaren 15az geroztik Osakidetzako erietxeetan duten kopuru handiena da hori.

Oinarrizko birsorkuntza tasak edo R0 indizeak, bestalde, behera egin asteburuan, baina, halere, joan den astekoa baino altuagoa da; 1,19koa da batez besteko zenbatekoa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 1,29koa Gipuzkoan. Indize horren arabera, kutsatutako pertsona bakoitzak pertsona bat baino gehiago kutsatzeko arriskua du.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!