Iritzia: Obesitatea, isilarazitako pandemia

Karkara 2021ko api. 1a, 10:47

Rafa Gonzalez de Txabarrarik martxoko KARKARA aldizkarian argitara emandako artikulua, Osasuna atalean.

Izurriteak gizartea irauli zuenetik, osasunak —edo osasun krisiak, zehatzago esanda— erabat baldintzatu digu eguneroko bizitza. Aldi berean, lehendik zetozen beste “osasun larrialdiak” ere estali ditu pandemiak, obesitateak eragindakoarekin gertatu den bezala. Arazo horrek lotura zuzena du jarduera fisikoarekin, eta horren gainean arituko naiz artikuluan.

Aurrera jarraitu aurretik, kontzeptu bat argi utzi nahi dut: 4 milioi urteko eboluzioak argi erakusten du gizakia mugimenduan egoteko egina dagoela, eta mugimendu ezak gaixotu egiten duela gorputza. Bestalde, definizio batzuk era eman nahi ditut, termino batzuk nahastu egiten direlako sarri. Zer da jarduera fisikoa? Gorputza mugimenduan jartzen duen edozer jarduera: umeen jolasak, lanean egiten diren mugimenduak, oinez batera edo bestera joatea... Jarduera fisikoa modu antolatuan egiten denean, helburu eta maiztasun batekin, ariketa fisikoa egitera pasatuko ginateke; lasterketa bat prestatzea izan daiteke adibide bat. Azkenik, ariketa fisikoa modu antolatu eta arautuan egiten denean —aurkariekin, talde baten barruan, federazioen bidez...—, horri kirola deitzen zaio. 

Osasunaz ari garenez, gorputzari on egiten diona jarduera fisikoa dela nabarmendu behar da, eta horrek ez du zertan ariketa fisikoa edo kirola izan behar. Lanera edo eskolara oinez joatea izan daiteke jarduera osasungarri bat, etxera eskaileretatik igotzea, dantza egitea... Gorputzari on egiteko modu asko daude, era guztietakoak. 

Haur eta gaztetxoengan zentratuz, jarduera fisikoa egiterakoan burmuinaren eraketa hobetu eta handitu egiten da; burmuineko neuronen arteko loturak handitu eta sendotu egiten dira, eta horrek laguntzen du funtzionamendu eta errendimendu akademiko hobea izaten. Horri lotuta, ikerketa zientifikoek diote haurren gizentasun maila ikaragarria dela gizarte modernoan. Etorkizunean, ugaritu egingo zaizkie metabolismoari lotutako gaixotasun kronikoak: diabetesa, hipertentsioa, alzheimerra,... Ikertzaileek berriki azaldu dutenez, egungo gazteen belaunaldiek, historian lehen aldiz, gurasoenek baino bizi itxaropen txikiagoa izango dute. EEUU azken urteetako datuek frogatzen dute hori. 

Gaiaren larritasunaz ohartuta, Munduko Osasun Erakundeak gomendio zerrenda eman zuen argitara iaz, ‘Mugimendu bakoitza baliagarria da’ izenburupean. Argi dago arazoak gizarte osoaren inplikazioa eskatzen duela, norbanako zein erakundeena. Guraso eta hezitzaileoi dagokionez, ardura handia dugu. 

Hezkuntza esparruan bada arrakasta izaten ari den proiektu interesgarri bat: Eskola Osasungarriak. Horren bidez, hezkuntza zentro batek hiru urteko formazioa jasotzen du, eta gero eskolan osasun plan bat gauzatzen da, lau arlo nagusiren bueltan: jarduera fisikoa, elikadura osasungarria, higienea eta aisialdi osasungarria. Lan hori guztia ikuskatzaileek berrikusten dute, eta gauzak ondo egin ahala, urtero mailaz igotzen joaten da ikastetxea.

Orioko Zaragueta Herri Eskola, kasu, Estatu mailan lehenengotako ikastetxe publikoa izan da Eskola Osasungarria zigilua jasotzen, eta Europako Batasunean zabalduko den ziurtagiria jasoko du laster. Bide bera jarraitzera gonbidatu nahi ditut gainontzeko eskolak ere.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!