Gipuzkoan 197 koronabirus kasu izan dira azken orduetan

Karkara 2021ko api. 3a, 14:53

Herenegun Hego Euskal Herrian egindako probetan baino kasu positibo gutxiago atzeman dituzte, baina positibotasun tasa %9,1era igo da. 800 lagun baino gehiagok eman zuten positibo osteguneko probetan, eta 725 pertsonak atzokoetan.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Nafarroako Gobernuak Osasunbideak duela minutu gutxi eman dute atzoko probetan hautemandako kasu positiboen informazioa. Hego Euskal Herrian 725 positibo zenbatu zituzten 7.976 PCR eta antigeno test egin ondoren. Gaixotasuna detektatzeko proba egin zuten hamar lagunetik ia batek eman zuen atzokoan positibo, positibotasun tasa %9,1ekoa baita.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 5.411 proba egin zituzten, eta 524 kasu baieztatu zituzten. Lurraldeka aztertuta, azken asteetako joerari eutsi zioten positiboek; izan ere, Bizkaian zenbatu zituzten kasu gehien. 213 kasu detektatu zituzten han. Gipuzkoan, berriz, 197 kasu zenbatu zituzten eta 105 positibo Araban. Hiru lurralde horietako positibotasun tasa %9,7koa dela jakinarazi du Osasun Sailak. Nafarroan, berriz, 2.565 PCR eta antigeno test egin zituzten, eta 201 positibo atzeman; kutsatze tasa, beraz, %7,8koa izan zen Nafarroan.

Ospitaleen egoerari buruzko informazioa ere helarazi du Osasun Sailak. "COVID-19aren ondorioz" 48 pertsona ospitaleratu zituzten atzo. Era berean, gogorarazi du "COVID-19a duten" 93 pertsona daudela uneotan Zainketa Intentsiboen Unitatean edo ZIUn.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!