Ia puntu bat jaitsi da positibotasun tasa Hego Euskal Herrian

Herenegun Hego Euskal Herrian izandako kopuruarekin alderatuta, kasu positibo gutxiago atzeman zituzten atzo. Guztira 8.085 PCR eta antigeno test egin zituzten Hego Euskal Herrian, herenegun baino 109 gehiago.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Nafarroako Gobernuko Osasunbideak argitara eman dute atzoko probetan hautemandako kasu positiboen kopurua. Hego Euskal Herrian 8.085 PCR eta antigeno test egin zituzten, eta horietatik 645 izan ziren positiboak. Kopuru horrekin, %7,97an kokatzen da positibotasun tasa, herenegun baino puntu bat inguru gutxiago.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 6.508 proba egin zituzten, eta horietatik 491 izan ziren positiboak. Lurraldeka begiratuz gero, Bizkaian zenbatu zituzten kasu gehien; 202 kasu detektatu zituzten han, herenegun baino 11 kasu gutxiago. Gipuzkoan, berriz, 197 kasu zenbatu zituzten -herenegun ere kopuru bera izan zen- eta 87 positibo Araban. Hiru lurraldetako positibotasun tasa, beraz, % 7,5ekoa da gaur gaurkoz. Nafarroan, berriz, 1.577 PCR eta antigeno test egin zituzten, eta 154 positibo atzeman; kutsatze tasa, beraz, %7,6koa da Nafarroan, herenegun baino %0,2 gutxiago.

Ospitaleen egoerari buruzko informazioa ere eman du Osasun Sailak. Zehazki 53 pertsona ospitaleratu zituzten atzo, herenegun baino bost pertsona gehiago. Era berean, gogorarazi du “COVID-19a duten” 95 pertsona daudela uneotan Zainketa Intentsiboen Unitatean.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!