Itzuliagatik N-634 errepidea itxita egongo da ordubete inguruz ostiralean

Onintza Lete Arrieta 2021ko api. 7a, 10:36
Iazko lasterketa herritik igaro zen unea

Orioko Udalak jakinarazi du 14:30ak aldera pasako direla txirrindulariak herritik, baina lasterketaren gorabeherek aurreratu edo atzeratu egin dezakete ordu hori. Hala, 14:00etatik itxita egongo da errepidea bai Zarautz aldera, bai Donostia aldera, ordubete inguruz.

Aurten ere Oriotik pasako da Euskal Herriko Itzulia, eta horrek eragina izango du errepideko zirkulazioan. Txirrindulariek ostiralean zeharkatuko dute eskualdeko kostaldea, Oriotik Zumaia aldera, eta txirrindulariak Oriora 14:30ean iristea aurreikusi dute antolatzaileek. Usurbil aldetik etorriko dira, Aginatik barrena.

Dena dela, udalak gogorarazi du lasterketaren abiaduraren arabera aurreratu edo atzeratu egin daitekeela ordu hori. Hala, errepidea 14:00ak aldera itxiko dute ibilgailuentzat, eta ez da erabilgarri egongo denbora tarte batez.

Udalak jakinarazi duenez, ertzainek, udaltzainek eta boluntarioek zainduko dituzte biribilguneak eta bidegurutzeak, eta zirkulazioa orduerditik gora etengo da bi zentzuetan: Zarautz aldera eta Donostia aldera. "Lasterketa garaiz badator eta gorabeherarik ez bada, 15:00etarako irekita egon liteke berriz zirkulazioa".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!