"Sorpresa hartu nuen Fraisoron egindako lanaz jabetu nintzenean"

Onintza Lete Arrieta/Gipuzkoako Hitza 2021ko api. 9a, 11:00
Eva Garcia, joan den astean liburuarekin (Onintza Lete Arrieta)

Zizurkilgo Fraisoro sehaska etxetik 12.000 haur eta 3.500 emakume inguru igaro ziren mende batez. 2011n, Eva Garcia Aia-Orioko bizilagunak liburu bat idatzi zuen, eta zerbitzu hura nolakoa zen azaldu; orain, berrargitaratu egin du, datu gehiagorekin. Gipuzkoako Hitza astekarian argitaratu da gaur elkarrizketa.

Eva Garciak (Donostia, 1966) 2011n argitaratu zuen Fraisoroko amak, Fraisoroko haurrak ikerketa lana, Manuel Larramendi Kultur Bazkunaren beka bati esker, eta orain gaztelaniaz plazaratu du lana —Mujeres de barro, infancias de cristal—, orduko informazioa zabalduta eta lekukotza gehiago bilduta. 1903tik, Gipuzkoako ume abandonatuak nahiz ama ezkongabeak hartu zituen mende batez Zizurkilgo Fraisoro sehaska etxeak, eta liburuaren hitzaurrean irakurleari azpimarratu nahi izan dio “gizartea bera” izan zela emakume eta haur haiei bizkarra eman ziena, eta erakundeetan aurkitu zutela babesa.

Zer testuingurutan sortu zuen foru aldundiak sehaska etxea?

Gipuzkoan XIX. mende hasieratik probintziako bost barruti judizialetan tornu bat zeukaten umeak modu anonimoan lagatzeko. Erakundearen helburua zen haur horiek lehenbailehen inude baten esku uztea. Gaixotasun kutsakorren eta osasun bermerik ezaren ondorioz, inudeen langintza oso marjinala zen garai hartan, eta, haur abandonatuen heriotza tasa, izugarria.

XIX. mendearen amaieran, bi egoera batu ziren: diputazioko politikari batzuk medikuak izatea, eta Aurrezki Kutxa Probintziala sortzea eta irabazien zati bat gizarte egitasmoetara bideratzea. Horri esker zabaldu zuten, 1903an, sehaska etxea Zizurkilen. Hasierako egitekoa zen tornuetan eta leku publikoetan abandonatutako haurrei babesa eta mediku arreta ematea. Baina 1913tik aurrera, haurdunaldia ezkutatu nahi zuten ezkongabeei ere harrera egin zieten, erditze seguru, anonimo eta doakoa eskainiz, eta haurra erakundean berme jakin batzuen pean uzteko aukera emanez.

12.000 haur eta 3.500 ama inguru pasatu ziren etxe hartatik.

Bai, kopuru handiak dira biak. Haur horietako asko Gipuzkoako familietan kokatu ziren. Mende hasieran, inudeen etxeetan. 1950az geroztik, fabrikako ama-esnearen (edo esne maternizatua-ren) emaitza onei esker, haur horiek seme-alabarik gabeko ezkontideei esleitu zizkieten. 1932an diru laguntzak ezarri zituzten beren haurra atxiki nahi zuten amentzat, eta, pixkanaka, gero eta gehiago izan ziren erakundea [Fraisoro] amarekin utzi zuten haurrak; %50,36. Erakundearen egitura eta lan egiteko prozedurak aztertzen ditu liburuak, eta haur eta ama haiek pasatutako hainbat egoera ere jasotzen ditu, testigantzen bidez.

Liburuan gizon bat nabarmendu duzu: Andres Izaskun. Zergatik?

Istorio bitxia eta hunkigarria da. Espositoen arloko —edo tornuetako— ikuskaria izan zen, eta kontsultatu nituen espedienteak haren oharrez josita daude; gizatasun handiz idatzi zituen. Haren familia elkarrizketatu nuenean, ia kasualitatez jakin nuen Fraisoron abandonatutako haurretako bat izan zela. Gerraostean, bera bezalakoen alde lan egitea erabaki zuen. Liburuan oso agerian geratzen da nolako lana egin zuen haurren eta amen alde. Testigantzek hala baieztatzen dute. Patuak ukatu ziona, besteei errazten saiatu zen.

Irakurri elkarrizketa osorik.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!