PAPEREKOA

"Jende askok ez daki jantzi bat sortzeko zer nolako lana egin behar den aurretik"

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2021ko api. 18a, 17:13
Jon Alkain bere jantzien bozeto batzuekin. (Iñigo Gaiton)

Jon Alkain Urdangarinek (Aia, 1998) lau urtez moda diseinua ikasi zuen Bartzelonan, eta orain etxera itzuli da bere marka berria martxan jartzeko asmoz. Maiatzaren 17tik 21ra, esaterako, erakusketa zabalduko du Orioko Kultur Etxean, Goiuri Unanue diseinatzailearekin batera, Orioko Herri Ikastolak antolatuta. Hasiera batean, hurrengo astean jartzekoak ziren, baina atzeratu egin da ekimena.

Nola sortu zitzaizuen erakusketa sortzeko ideia?
Orioko Herri Ikastolako ikasle ohiak gara biok, eta gurekin harremanetan jarri ziren, ikasleentzat ezezagunak diren ikasketak badaudela erakutsi nahi dietelako, hain zuzen sormenarekin eta kulturarekin lotutakoak. Guk moda ikasi genuenez, erakusketa bat sortzea bururatu zitzaigun, moda munduaren bi alderdiak erakusteko: pasareletako sormena, eta herritarrei zuzendutako jantziak. Izan ere, pasareletan edo erakusketetan aurkezten diren lan arraro eta berezien helburua izaten da diseinatzailearen sormena erakustea. Salmentan jartzen diren jantziak, berriz, diseinu bereziak izan arren, egunerokoan erabiltzeko direnez, funtzionalagoak izaten dira. Gure lana erakusteko arropa jarriko dugu ikusgai eta, horrez gain, zuzenean, bozeto edo marrazkiak nola egiten ditugun ere erakutsiko dugu. Gainera, herritarrek esperimentatzeko aukera ere izango dute bertan.

Garrantzitsua izango da norbere lana erakusketa batean aurkezteko aukera edukitzea, ezta?
Euskal Herrian beti gustatu izan zaigu ondo janztea, baina moda mundua nahiko ezezaguna da oraindik. Jendeak ez daki jantzi bat sortzeko zer nolako lana egin behar den aurretik; uste dute oihal bat hartu eta jostearekin nahikoa dela. Prozesu luzea da, ordea. Garrantzitsua iruditzen zait jendea lan horren konplexutasunaz jabetzea.

Prozesu horretan ba al dago bereziki gustuko duzun faserik?
Prozesu guztia atsegin dut, baina zerbait aipatzekotan patroigintza eta joskintza nabarmenduko nituzke. Diseinatzea asko gustatzen zait, baina oihalak eskala errealean moztu eta josten hasten zarenean ikusten duzu benetan jantzi hori nola geratuko den. Askotan paperean egiten den diseinua aldatu egiten da behin josten hasitakoan, papereko marrazkian dena geratzen delako ondo. Ideia horri forma ematen hasten garenean, ordea, paperean ikusten ez diren xehetasunak eta akatsak antzeman daitezke.

Oihalek garrantzia al dute sorkuntza prozesu horretan?
Oso garrantzitsua da oihalen ezaugarriak ezagutzea. Oihal mota desberdinak daude; batzuek gorputz edo estruktura handiagoa dute, eta beste batzuk arinagoak dira eta erortzeko erraztasuna dute. Horregatik, jantzi edo osagarri bat diseinatzerakoan ondo aukeratu behar da erabili nahi den materiala, bestela ezinezkoa delako nahi den efektua lortzea. Palazzo galtza zabalek, esaterako, mugimendua eduki behar dute, eta estruktura handia duen oihal batekin egiten bada, oso zurrunak geratzen dira. Crepe edo gasa batek, berriz, behar duen mugimendua ematen die prakei.

Moda arloa oso zabala da. Zuk zer esparru aukeratu duzu?
Nik gizon zein emakumeek jantzi dezaketen arropan sinesten dut. Bakoitzak nahi duena jantzi dezakeela aldarrikatzen dut, genero estereotipoetatik harago. Filosofia hau sare sozialetan zabaltzen ari da pixkanaka, eta kaleko jendearen artean ere onarpen ona izaten ari da. Generorik gabeko arropa diseinatzeaz gain, ni neu ere horrela janzten naiz, eta erantzun positiboak izan ditut gazte zein helduen artean.

Zer asmo dituzu etorkizunari begira?
Nire asmoa da moda arloa jorratzen duten beste hiriburu batzuetan bizitzea, Berlinen edo Dublinen, esaterako. Asko dut ikasteko oraindik, eta moda enpresetan lan egin nahi nuke teknika eta prozedura desberdinak ezagutzeko. Izan ere, moda mundua etengabeko berrikuntza eta ikaskuntza gisa ulertzen dut nik. Hala ere, moda etxeetan lan egiten dudan bitartean, gustatuko litzaidake neure marka edo filosofia sustatzea, fast fashion edo moda azkarretik ihes egiteko.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!