Langile publikoak grebara deitu dituzte biharko

Martxoaren hasieran egin zuten sindikatuek deialdia. (@LABpublikoa)

ELA, LAB, CCOO, SATSE, STEILAS eta ESK sindikatuek deituta, elkarretaratzea egingo dute bihar Zestoan, 12:00etan. Momentuz, ez dute beste mobilizaziorik deitu eskualdean. Sektore publikoaren kontratazioetan "gehiegizko behin-behinekotasuna" salatuko dute.

Langile publikoen kontratazioan behin-behinekotasuna gehiegikeriaz erabiltzen dela iritzita, horren aurka egiteko grebara deitu dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako langile publikoak. ELA, LAB, CCOO, SATSE, STEILAS eta ESK sindikatuek egin dute deialdia, eta grebaren bidez negoziazio kolektiboa indartu dadila nahi dute, «Jaurlaritzatik hasi eta herri txikieneko udaleraino».

Urola Kostan, Zestoan deitu dute elkarretaratzea sindikatuek, 12:00etan. Eskualdeko gainontzeko herrietan ez da mobilizaziorik izango, eta Donostian egingo da Gipuzkoako manifestazio nagusia, 11:30ean Bulebarretik hasita.

Sindikatuek, besteak beste, salatu dute grebaren deialdia argitaratu zenetik instituzioek ez dutela “negoziaziorako borondaterik erakutsi”, eta euskal sektore publikoko behin-behinekotasun maila “guztiz onartezina” dela iritzi diote. “Estatu osoko eta Europako behin-behinekotasun tasarik altuena daukagu eta guztiz orokortuta dago esparru guztietan”, adierazi dute. Gaineratu dute horren atzean instituzioen “zerbitzu publikoak pribatizatzeko eta horiekin negozioa egiteko” asmoa dagoela.

Sindikatuek langile publiko guztiak animatu nahi izan dituzte biharko greba deialdiarekin bat egin dezaten, “herri honetako ia 60.000 langile publikok beren behin-behineko enplegua kontsolidatu dezaten”.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!