Domusa Teknikek diruz lagunduko du UKT

Domusa Teknik kooperatibak diruz lagunduko du Urolako Komunikazio Taldea (UKT). Zehazki, taldeak kaleratu berri dituen Guka gehigarriaren eta magazinaren babeslea izango da Errezilen kokatuta dagoen enpresa, eta trukean 2.000 euro jasoko ditu UKTk. Hitzarmena sinatu dute bi aldeek dagoeneko; izan ere, joan zen astean elkartu ziren Joseba Otaegi Domusa Teknikeko lehendakaria eta Gorka Zabaleta UKTko zuzendari nagusia.

Otaegik azaldu duenez, Domusa Teknik kooperatiba bat da, eta irabazien zati bat gizarteari itzultzen dio. "Errezilen kokatuta gaudenez, gure erreferentziazko ingurune soziala Errezil eta Urola bailara dira. Bertako kirol eta kultur ekintzen sustapenaz gain, euskararen normalizaziora bidean lanean dihardutenei babesa ematen saiatzen gara". Hain zuzen ere, bide horretan kokatu du Domusa Teknikeko ordezkariak UKTri emandako laguntza: "UKTk euskararen normalizaziora bidean egiten duen lana ikusita, interesgarria iruditu zaigu taldearekin hitzarmena sinatzea".

UKTko zuzendari Zabaletak, berriz, eskualdean "errotuta" dauden enpresekin "elkarlan eremuak" zabaltzearen garrantzia azpimarratu du. "Elkar hobeto ezagutzeko eta ikuspegi osagarriak partekatzeko plaza berri bat izan nahi du Gukak, eta eskertzekoa da Domusak proposamen berri horri emandako babesa".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!