Orion bi positibo izan dira azken orduetan, eta Aian bakarra

Amaia Urbieta Arruti 2021ko api. 28a, 13:19

Intzidentzia tasa zertxobait jaitsi da Orion, 1.011,09 da gaur gaurkoz. Aiari dagokionez, intzidentziak ere behera egin du apur bat, eta 1863,98 da momentu honetan.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak plazaratu berri du koronabirusaren bilakaera aztertzen duen txostena, eta horren arabera, Orion bi kasu izan dira atzo egindako frogetan, eta Aian bakarra. Oriok 1.001,09ko tasa du momentu honetan, atzo baino zertxobait txikiagoa, eta Aiakoa ere jaitsi egin da: 1863,98 da gaur gaurkoz. 

Eskualdeari dagokionez, 52 `positibo zenbatu dituzte denera. Atzo ere Zarautzen atzeman zituzten kasu gehien: 24. Duela bi aste baino gehiagotik, Zarauzko intzidentzia tasa gora eta gora egiten ari da, eta igo egin da berriro ere: 1.289,24koa da orain. Zumaian eta Azkoitian bederatzina kasu atzeman zituzten atzo (kopuru bera atzeman zuten herenegun Azkoitian, eta bat gutxiago Zumaian), eta oso altua da herri horietako intzidentzia tasa ere: 1.126,6koa Azkoitian eta 1.333,06koa Zumaian. Aizarnazabalen, berriz, hiru kasu atzeman zituzten, herenegun baino bi gehiago; herri txikia denez, hiru positibo berrien eraginez asko igo da intzidentzia tasa: 1300,39koa da orain.

Azpeitian, Getarian eta Zestoan bina kasu atzeman zituzten, eta jaitsi egin da hiru herri horietan intzidentzia tasa apur bat (558,48koa da Azpeitian, 1.378,07koa Getarian eta 667,69ekoa Zestoan).  Aipatu bezala intzidentzia tasak gorabeheratsu dabiltzan arren, eremu gorrian jarraitzen dute eskualdeko herri guztiek, Errezilek eta Beizamak izan ezik.

Hegoaldean, positibotasun tasa behera

Eskualdeko datuak baino hobexeagoak dira Hego Euskal Herriko datu orokorrak. Izan ere, Osasun Sailak eta Osasunbideak emandako datuen arabera, denera 15.057 PCR eta antigeno proba egin zituzten herenegun lau probintzietan, eta horietatik 1.022k eman zuten positibo. Beraz, %6,9koa da positibotasun tasa hegoaldean. Lurraldez lurralde, 98 kasu atzeman zituzten Araban, 405 Bizkaian, 356 Gipuzkoan, 153 Nafarroan eta 10 lurralde horietatik kanpo.

Hobekuntza oso txikia bada ere, baikorragoak dira ospitaleetako datuak atzokoen aldean. Egoerak oraindik oso larria izaten jarraitzen du, baina atzo baino lagun bat gutxiago dago ospitaleratuta Osakidetzaren mendeko erietxeetan (542), eta ZIUetako okupazioak ere behera egin du (189 pertsona zeuden herenegun, eta 185 atzo). Ospitaleratze berriak asko izan ziren, ordea: 99.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!