'Apaiz kartzela' estreinatuko dute bihar, Oier Aranzabalek zuzendu duen filma

IƱigo Gaiton 2021ko api. 28a, 18:14

Giza Eskubideen Zinemaldia ari dira egiten egunotan Donostian, eta jaialdiaren barruan botako dute estreinakoz 'Apaiz kartzela', 1968-1976 aldian Zamorako apaizen kartzelan preso egon ziren lau apaizi buruzko dokumentala. Oier Aranzabalek Ritxi Lizartza eta David Pallarèsekin batera egin ditu zuzendaritza lanak, eta Maialen Sarasuak izan du filma editatzeko ardura.

Apirilaren 23an hasi eta gero, etzi bukatuko da Donostian egiten ari diren Giza Eskubideen Zinemaldia. Bihar, ostegunarekin, Oier Aranzabalek zuzendu duen 'Apaiz kartzela' dokumentala emango dute estreinakoz Antzoki Zaharrean, 16:00etatik aurrera. Aian bizi den zinemagileak Ritxi Lizartzarekin eta David Pallarésekin batera zuzendu du filma, eta Maialen Sarasuak ere parte hartu du proiektuan edizio lanak eginez.

Hau dio dokumentalaren sinposiak:

Bidaia erreal bat egoera itxuraz irreal batean. 1968-1976 aldian Zamorako apaizen kartzelan preso egon ziren lau apaiz presondegira itzultzen dira. Apaiz horietako batzuek hamar urtetik gorako zigorrak jaso zituzten frankismoaren errepresioa salatzen zuten sermoiengatik. Konkordatu-kartzela hori Francok berak sortu zuen, Vatikanoarekin sinatutako Konkordatua baliatuta. Abadeentzako kartzela bakarra izan zen munduan.

Bidaia hau ezohikoa da, ez baita normala izaten norbera kondenatuta egon den kartzela bisitatzeko aukera izatea. Madril, Galizia, Katalunia eta Euskal Herriko 53 abadek espetxe horretara egindako nahitaezko lekualdaketan jasan zuten bidaia errealaren istorioa kontatzeko zubia da. Oraindik ere ezezaguna den istorio hori berreskuratzeko bidaia. Ahanzturaren aurkako bidaia.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!