Aste honetan zertxobait apaldu dira Orioko eta Aiako intzidentzia tasak

Duela astebete baino baxuagoak dira gaur Aiako eta Orioko intzidentzia tasak, baina nabarmentzekoa da Orion zazpi kasu positibo atzeman dituztela atzo egindako probetan.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eman ditu atzo egindako PCR eta antigeno proben emaitzak, eta Orio eta Aiari dagokienez, egon da alde nabarmenik egun batetik bestera. Orion aste honetako daturik txarrena izan da, zazpi kasu positibo zenbatu baitituzte atzoko probetan —herenegun ez zen kasu bat bera ere izan—; Aian, aldiz, ez dute kasu berririk baieztatu azken orduetan —sei kasu hauteman zituzten herenegungo probetan—.

Aian hamar kasu izan dira azken zazpi egunetan: sei herenegun, bana asteartean eta igandean, eta bi aurreko ostiralean. 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasak, ordea, zertxobait behera egin du astebetean: 1.964,74koa zen aurreko ostiralean, eta 1.712,85ekoa da une honetan.

Orion, bestalde, hogei kasu positibo baieztatu dituzte azken zazpi egunetan: zazpi atzo, bi asteartean, bost astelehenean, bi igandean, bat larunbatean eta hiru aurreko ostiralean. Orion ere pixka bat jaitsi da intzidentzia tasa aste honetan, 1.000ko langatik behera baitago azkeneko datuak kontuan hartuta: 962,17koa da gaur-gaurkoz, eta 1.239,40koa zen duela astebete.

51 kasu eskualdean

Urola Kostan56 positibo zenbatu zituzten herenegun, eta atzo 51. Hala, eremu gorrian jarraitzen dute eskualdeko herri guztiek, Beizamak eta Errezilek izan ezik.

Azkoitian, esaterako, beste hamar positibo kontatu dituzte azken orduetan, bezperan baino bat gutxiago, eta 1.000ko langatik gora dago oraindik, 1.068,18ko intzidentzia tasarekin. 962,17ekoa da intzidentzia tasa han gaur-gaurkoz. Zarautzen ere ez da giro: azken lau egunetan 20 kasutik gora eduki dituzte egunero, eta atzo beste hamasei zenbatu zituzten. 1.293,53ean dago intzidentzia tasa eskualdeko herri handienean. Zumaian ere positibo asko zenbatu da beste behin: bederatzi. Hala, 1.302,53ean dago intzidentzia tasa kostako herri horretan.

Azpeitian lasaiagoa da egoera, azken bi egunetan launa kasu zenbatu dituztelako, eta 500eko langa zertxobait pasata dago herria gaur-gaurkoz: 519,05ekoa da intzidentzia tasa. 

Herrri txikiei dagokienez, Aizarnazabalen, bezperan bezala, positibo bat zenbatu zuten atzo, eta 1.560,47ekoa da intzidentzia tasa. Zestoan hiruna kasu izan dira azken bi egunetan, eta 500eko langatik gora jarraitzen dute han, 642,01ko tasarekin, baina aurreko bi herrietan baino hobeto zentzu horretan. Getarian, azkenik, positibo bana egon da azken bi egunetan, baina intzidentzia tasak oso altu jarraitzen du han ere, 1.024,73ean.

Beizaman eta Errezilen zaharrak berri, zorionez; positiborik atzeman gabe jarraitzen dute eta hutsean dago intzidentzia tasa. 

892 positibo Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herriko datuei dagokienez, 144 positibo zenbatu zituzten atzo Nafarroan, 83 Araban, 368 Bizkaian, 349 Gipuzkoan eta 8 Euskaditik kanpo bizi diren pertsonetan. Guztira 13.601 test diagonistiko egin zituzten atzo, eta 892 pertsonek eman zuten positibo. Hala, %5,6ko positibotasuna dute gaur-gaurkoz Nafarroan eta %7,3koa, berriz, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Bezperako datuekin alderatuta, hobera egin dute zenbakiek: 14.800 proba egin zituzten herenegun Hego Euskal Herrian, eta horietatik 1.067k positibo eman zuten.

Ospitaleen egoerari dagokionez, COVID-19aren ondorioz 96 pertsona ospitaleratu ziren atzo Osakidetzaren erietxeetan–bezperan baino gehiago, 83 izan baitziren orduan– eta COVID-19a duten 189 pertsona ZIUn daude. Orain astebete, esaterako, 173 pertsona zeuden ZIUn ingresatuta.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!