Izurriaren egoerak hobera egin du Orion eta Aian azken astean

Julene Frantzesena - IƱigo Gaiton 2021ko mai. 14a, 14:07

Orion eta Aian ez da positiborik izan atzo egindako frogetan. Azken astean datuak aurrekoan baino hobeak izan dira bi herrietan, eta intzidentzia tasek modu esanguratsuan egin dute behera.

Azken astebetean, nabarmen egin dute hobera COVID-19aren zabalkunde datu orokorrek.  Grafikoetan ikus daitekeen modura, Orion eta Aian ere antzeman da hobekuntza hori azken egunetan. Orioren kasuan, lehengo ostiraletik igandera bitartean egindako frogetan 11 kasu izan ziren denera, baina zorionez, astelehenetik atzora bitartean egindako testetan positibo bakarra detektatu dute. Horregatik guztiagatik, intzidentiza tasa 358,77ra jaitsi da herrian, eremu laranjan sartuz.

Aiaren kasuan, lehengo ostiraletik atzora bitartean egindako frogetan 3 positibo bakarrik detektatu dira, eta herrian nabarmen egin du hobera pandemiaren egoerak. Hala, 604,53 da tasa Aian, gaur gaurkoz.

Hego Euskal Herrian gertatu den modura, Gipuzkoan ere asko jaitsi dira atzemandako positibo kopuruak, baita Urola Kostan ere. Atzo, esaterako, hamabi positibo atzeman zituen Osakidetzak eskualdeko herrietan: lau Zestoan; bina Azpeitian, Azkoitian eta Zarautzen; eta bana Errezilen nahiz Zumaian.

Positibo kopuruaren gutxitzearekin batera iritsi da intzidentzia tasen beherakada ere, nahiz eta oraindik badiren eremu gorrian diren herriak Urola Kostan. Azkoitia, Zarautz eta Zumaian 400dik gorakoak dira hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasak; 667,61, 462,59 eta 498,63, hurrenez hurren. Eremu laranjan, dira, berriz, Azpeitia (348,23) eta Orio (358,77). Eskualdeko gainerako herriek ez dute 5.000 biztanleko langa gainditzen, beraz, tasaren arabera ez dira kolorez aldatzen. Honako hauek dira herri horietako intzidentzia datuak: Aia (604,53), Aizarnazabal (390,12), Beizama (0), Errezil (1.610,31), Getaria (141,34) eta Zestoa (436,57).

Hego Euskal Herrian atzo gauzatutako 10.405 PCR eta antigeno probetan, orotara, 464 positibo zenbatu zituzten: 32 Araban, 245 Bizkaian, 111 Gipuzkoan eta 71 Nafarroan. Gainera, lurralde horietatik kanpo duten beste bost lagunek ere eman zuten positibo. Nafarroako positibotasun tasa %3,7 da egun, eta Arabakoa, Bizkaikoa eta Gipuzkoakoa, %4,6.

Ospitaleetako egoera ere hobera egiten ari da pixkanaka-pixkanaka, nahiz eta oraindik asko diren Hego Euskal Herriko erietxeetan COVID-19a tarteko ospitaleratuta dauden pertsonak. Osakidetzak emandako datuen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 295 lagun daude erietxeetan –bezperan baino 41 gutxiago–, eta horietatik erdiak, 148 lagun, ZIUetan daude.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!