Eremu berdean daude Aia eta Orio, 100.000 biztanleko 50 kasu inguruko intzidentzia tasarekin

Onintza Lete Arrieta - Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2021ko mai. 28a, 13:33

Orion bi positibo berri atzeman zituzten atzo, baina pasa den ostiraletik nabarmen egin du behera intzidentzia tasak bi herrietan. Gaur gaurkoz 48,92koa da Orion eta 195,69koa zen duela astebete. Aian, berriz,  50,38koa da intzidentzia tasa azken datuen arabera eta 201,51koa zen maiatzaren 21ean.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak argitaratu berri ditu atzo, osteguna, egindako PCR eta antigeno proben emaitzak, eta eskualdean antzeratsu daude datuak aurreko egunarekin alderatuta: atzo hamalau positibo berri atzeman zituzten, eta asteazkenean hamazazpi. Dena dela, aurreko asteetako intzidentzia tasa kontuan hartzen bada nabarmen egin dute hobera datuek azken asteetan. Orion, esaterako, bi kasu berri atzeman zituzten atzo eta bat bera ere ez Aian, baina bi herrietako 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako intzidentzia tasa 50 ingurukoa da (48,92 Orion eta 50,38 Aian). Duela astebete, berriz, 195,69ko tasa zuen Oriok eta 201,51koa Aiak.

Bi herrietako grafikoei erreparatuta, ikus daiteke maiatzaren hasieran goia jo zuenetik beheranzko joera hartu dutela intzidentzia tasek Aian nahiz Orion. Gaur gaurkoz, pasa den udako intzidentzia tasaren bueltan dabiltza bi herriak, kutsatu kopuru txikiarekin eta intzidentzia tasa baxuarekin. Hala, Aste Santuko oporraldiaren bueltan sortu zen olatuarekin alderatuta, egoera guztiz bestelakoa da bi herrietan.

Eskualdean 14 kasu berri
Urola Kostako herrien artean Azkoitian izan zen atzo gorakada nabarmenena, bederatzi positibo bertan atzeman baitzituen Osakidetzak. Atzo bi positibo berri bakarrik izan ziren herrian, baina intzidentzia tasa ez da jaitsi, eta  492,36koa da gaur-gaurkoz. Gipuzkoako 5.000 biztanletik gorako herrietatik altuena zen atzo, eta baita gaur ere.

Azken datuen arabera, launa kasu berri egon dira Azpeitian eta Zarautzen, baina intzidentzia tasak ez dira asko aldatu: Azpeitian  315,37koa zen 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako intzidentzia tasa herenegun, eta atzo, berriz, 328,52koa. Zarautzen, berriz, 192,74tik 201,31ra igo da.

Zumaian, Orion bezala, bi positibo berri atzeman zituzten atzo, baina positibotasuna apenas igo da, 152,64koa zelako herenegun, eta 162,82koa atzo.

Gainerako herrietan ez zen positibo berririk atzeman atzo, hau da, Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen, Getarian eta Zestoan.

Hamar pertsona gutxiago Osakidetzako erietxeetan
Hego Euskal Herrian, berriz, 437 positibo atzeman zituzten atzo, osteguna, Osakidetzak eta Osasunbideak. Guztira 9.976 PCR eta antigeno proba egin zituzten, horietatik 7.903 test Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 2.073 test, berriz, Nafarroan. Lurraldeka, Bizkaian atzeman ziren atzo ere positibo gehien, 171, ondoren Gipuzkoan (138), Nafarroan (79) eta Araban (45). EAEtik kanpo bizi diren lau pertsonek ere eman zuten positibo atzo.

Hala, %4,5ekoa da positibotasuna Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %3,8koa, berriz, Nafarroan. Nabarmen jaitsi da Nafarroan, bezperan %4,5ekoa  zelako, eta antzeratsu dago gainerako hiru lurraldeetan, %4,4koa zelako atzo.

Ospitaleen egoerari dagokionez, COVID-19aren ondorioz 41 pertsona ospitaleratu ziren atzo, eta COVID-19a duten 103 pertsona ZIUn daude. Guztira 277 pertsona daude Osakidetzako erietxeetan ospitaleratuta; bezperan baino hamar pertsona gutxiago, alegia.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!