Binakako Euskal Pentatloiko kanporaketa izango dute bihar Izeta IV.ak eta Gorka Etxeberriak

Andoni Elduaien 2021ko mai. 28a, 16:35

Harriarekin, egurrarekin, txingekin eta korrikan egin beharko dute lan pentatloian parte hartuko duten 11 bikoteek. 18:00etan hasiko da lehia Tolosako zezen plazan. Pentatloia lau txandatan banatuta jokatuko dute eta biharko sei onenek finala jokatuko dute ekainaren 26an.

Andoni Iruretagoiena ‘Izeta IV.a’ aiarrak, Jexux Mari Iruretagoiena ‘Izeta III.a.’ aizarnazabaldarrak, Jagoba Otaegi eta Luis Txapartegi aizarnarrek, Jon Unanue ‘Goenatxo III.a’ azkoitiarrak, Mikel Larrañaga eta Kepa Peñagarikano azpeitiarrek, Gorka Etxeberria oriotarrak eta Jokin Eizmendi zarauztarrak II. Mahala Binakako Euskal Pentatloi txapelketako kanporaketa jokatuko dute bihar, larunbata, Tolosako (Gipuzkoa) zezen plazan.

Guztira 11 bikotek parte hartuko dute pentatloian. Hasiera batean hamabi bikotek eman zuten izena, baina Inhar Urruzunok min hartu ondoren, Urruzo bera eta Aitzol Atutxa ez dira bihar Tolosan izango. Jokin Eizmendi zarauztarrak Jose Martin Bustinzarekin arituko da; Izeta III.a eta Izeta IV.a elkarrekin arituko dira; Otaegi eta Txapartegi aizarnarrek bikotea osatuko dute; Peñagarikano eta Etxeberria elkarrekin arituko da, baita Goenatxo III.a eta Larrañaga ere.

Harriarekin, egurrarekin, txingekin eta korrikan egin beharko dute lan pentatloian parte hartuko duten 11 bikoteek. Lanari ekiteko, 100 kiloko bolari hogei altxaldi eman beharko dizkio bikote bakoitzak; altxaldi gutxien ematen dizkion bikoteak gutxienez zortzi jasoaldi eman beharko ditu. Bola altxatu ondoren, berriz, giza proban 400 kiloko harriari bi plaza bana eman beharko dizkiote; bikotekide bakoitzak plaza bana osatu beharko du.

Harriarekin dituzten lanak amaitutakoan, aizkorari helduko diote. Bi kanaerdiko enbor ebaki beharko dituzte eta enbor erdi bakoitzeko gutxien egiten duenak gutxienez hamabost kolpe eman beharko dizkio. Handik berriz ere plazaren erdira abiatuko dira herri kirolariak, eta 50 kiloko txingekin sei plaza osatu beharko dituzte; bikotekide bakoitzak hiru plaza egin beharko ditu. Proba amaitzeko, korrika egin beharko dute parte hartzaileek. Bi kilometro osatu beharko dituzte zezen plazan, eta gutxien egiten dituenak gutxienez zortzi itzuli eman beharko dizkio plazari.

Finala ekainaren 26an jokatuko da eta biharko kanporaketan sailkatzen diren sei bikote onenek jokatuko dute.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!