Izeta III.a eta Izeta IV.arentzat bigarren denbora onena Binakako II. Euskal Pentatloiko kanporaketan

Mailo Oiarzabal 2021ko mai. 30a, 14:16
Izetatarrak giza-proban, atzo Tolosan. (Tolosaldeko Ataria)

Tolosako (Gipuzkoa) zezen plazan jokatu zuten atzo Binakako II. Euskal Pentatloiaren kanporaketa, eta aiarrez gain, Gorka Etxeberria oriotarra ere sailkatu zen. Urola Kostako  bederatzi kirolari lehiatu ziren ekainaren 26an toki berean jokatuko den finalerako txartelaren bila. Zortzik lortu zuten helburua.

Binakako II. Euskal Pentatloiaren kanporaketa jokatu zen atzo Tolosako (Gipuzkoa) zezen plazan. 11 bikotek hartu zuten parte jokoan ziren finaleko sei postuen bila. 100 kiloko bolari hogei altxaldi eman, giza-proban 400 kiloko harriarekin bi plaza osatu, aizkoran bi kanaerdiko ebaki, 50 kiloko txingekin sei plaza osatu eta korrika bi kilometro egin behar zituzten bikoteek.

Ioritz Gisasola Zelai IV.a eta Jon Gisasola Zelai V.a bizkaitarrak izan ziren lan guztiak bukatzen azkarrenak (18 minutu eta 16 segundo). Bigarren denborarik onena, berriz, Jexux Mari Iruretagoiena Izeta III.a eta Andoni Iruretagoiena Izeta IV.a aiarrek osatutako bikoteak egin zuen (18’24”). Iñaki Errazkinek eta Aratz Mugertzak (18’44”), Kepa Peñagarikano azpeitiarrak eta Gorka Etxeberria oriotarrak (18’56”), Mikel Larrañaga azpeitiarrak eta Jon Unanue Goenatxo III.a azkoitiarrak (19’09”), eta Jagoba Otaegi eta Luis Txapartegi aizarnarrek (20’09”) osatu zuten, hurrenkera horretan, finalerako txartela lortu zuten sei bikoteen multzoa.

Beñat Amade eta Aritz Irazabal (20’20”), Xabier Urrutia eta Julen Kañamares (21’45”), Mikel Agirre eta Ousmane Drame (22’14”), Jose Martin Bustinza Tubi eta Jokin Eizmendi zarauztarra (23’27”), eta Julio Jimenez eta Daniel España (26’09”), aldiz, finaletik kanpo gelditu ziren.

Atzoko saioaren argazki bilduma osoa ikus daiteke Tolosaldeko Ataria webgunean.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!