Orion bi positibo izan dira ostiraletik igandera bitartean egindako frogetan

Amaia Urbieta Arruti 2021ko mai. 31a, 13:17

16,31tik 81,54ra igo da intzidentzia tasa Orion azken hiru egunetan. Aiari dagokionez, ez da positiborik izan.

Eusko Jaurlaritzak plazaratu berri du koronabirusaren azken hiru egunetako bilakaera erakusten duen txostena, eta horren arabera, Orion bi positibo izan dira. Aian, aldiz, bat ere ez. Hori dela eta, 16,31tik 81,54ra igo da tasa Orion.

Eskualdeko datuei dagokionez, 22 positibo zenbatu dituzte denera. Beherakada moteldu egin da, baina datuek jaisten jarraitzen dute, aurreko asteleheneko datuen arabera, 29 izan baitziren aurreko hiru egunetan eskualdean zenbatutako kasuak.

Intzidentzia tasa metatuari erreparatuta, beheranzko joerari eutsi diote herri gehienek, baina zenbaitetan gora egin du. Azpeitian, esaterako, hamar kasu zenbatu dituzte asteburuan (launa ostiralean eta larunbatean, eta bi igandean), eta astekoa baino 46 puntu altuagoa da orain herri horretako intzidentzia tasa. 348,23ko tasarekin, eremu laranjan dago. Azkoitiak, berriz, eremu gorrian jarraitzen du, baina asteburuan hiru kasu soilik atzeman dituzte bertan (aurreko astean atzemandakoen erdia). 500eko intzidentzia tasa zuten aurreko astelehenean, eta 458,98koa dute orain. Dena den, Azkoitia da Gipuzkoako 5.000 biztanletik gorako herrien artean intzidentzia tasarik altuena duen herria oraindik ere.

Eskualdeko gainontzeko herrietan behera egin du intzidentzia tasak. Zarautzen lau kasu atzeman dituzte azken hiru egunetan, eta 214,16tik 167,05era jaitsi da astebetean bertako intzidentzia tasa. Zumaian kasu bat baino ez dute zenbatu asteburuan, eta 81,41eko intzidentzia tasa dute han gaur-gaurkoz (duela astebete 193,34koa zuten). Getarian eta Zestoan ere kasu bana atzeman dute azken hiru egunetan eta, hurrenez hurren, 106,01 eta 179,76 dira herri horietako intzidentzia tasak. Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen ez dute positibo berririk detektatu asteburuan.

Hegoaldean moteldu egin da beheranzko joera

Osakidetzak eta Osasunbideak ahalbidetutako datuen arabera, 6.730 proba diagnostiko egin zituzten atzokoan Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan, eta horietatik 301ek eman zuten positibo; alegia, %4,5ek. Positibotasun tasak, beraz, mantentzera egin du azken astean datu orokorrei erreparatuta. Atzo zenbatutako positiboetatik 129 Bizkaian atzeman zituzten, 88 Gipuzkoan, 50 Nafarroan eta 32 Araban. Lurralde horietatik kanpo bizi diren beste bi lagunek ere eman zuten positibo.

Erietxeetako egoerari dagokionez, 90 lagun ospitaleratu dituzte azken hiru egunetan Osakidetzaren mendeko ospitaleetan; horietatik 31 atzo. Gaur-gaurkoz, guztira 162 pertsona daude ospitalean COVID-19ak jota, eta horietatik 97 ZIUetan daude. Datuek hobera egin dute aurreko astekoekin alderatuz gero, izan ere, duela astebete 212 lagun zeuden ospitalean, eta horietatik 117 ZIUetan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!