Aian eta Orion ez dute kasu berririk atzeman azken orduetan

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2021ko eka. 10a, 13:08

Hamar positibo berri hauteman dituzte Urola Kostan azken orduetan: 3 Azpeitian, bina Getarian, Zarautzen eta Zumaian eta bakarra Azkoitian. 

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Nafarroako Gobernuko Osasunbideak argitaratu dituzte COVID-19aren inguruko azken datuak, eta horien arabera atzo hamar positibo berri atzeman zituzten Urola Kostan, herenegun baino hiru kasu gehiago. Dena dela, Aian eta Orion ez zuen kasu berririk hauteman Osakidetzak eta egonkor jarraitzen du bi herrietako intzidentzia tasak: Aian 50,38koa da eta Orion 293,54koa.

Azken orduetako datuei erreparatuz gero, Azpeitia izan da kasu berri gehien izan dituen eskualdeko herria, 3 hain zuzen ere; hala, herri horretako 100.000 biztanleko azken hamalau eguneko intzidentzia tasa 328,52koa da eta eremu laranjan jarraitzen du.

Bestalde, bina kasu atzeman zituzten atzo Getarian, Zarautzen eta Zumaian, eta eremu horian kokatuta daude kostaldeko hiru herri horiek; 141,34ko intzidentzia tasa du Getariak, Zarautzen 162,76koa da eta Zumaian 254,40koa. Horrez gain, kasu positibo bakarra atzeman zuten Azkoitian, baina 14 eguneko intzidentzia tasa 450,64koa denez, eremu gorrian dago Urola Erdiko herria.

Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Zestoan ez zuten positibo berririk atzeman. Honako hauek dira herri bakoitzeko intzidentzia tasak: Aizarnazabal 260,38; Errezil 161,03 eta Zestoa 51,36. Beizaman, berriz, ez dute positiborik izan azken 14 egunetan.

Hego Euskal Herrian 288 kasu berri
Hego Euskal Herriko datuei dagokienez, atzo 9.302 PCR eta antigeno test egin zituzten, eta 288 positibo baieztatu zituzten: 25 Araban, 134 Bizkaian, 76 Gipuzkoan eta 50 Nafarroan. Hala, Hego Euskal Herriko positibotasun tasa %3koa da.

Bestalde, ospitaleen egoeraren berri ere eman du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, eta jakinarazi du atzo 24 lagun ospitaleratu zituztela Osakidetzako erietxeetan. Egun 108 herritar daude ospitaleratuta, eta horietatik 77 daude ZIUn

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!