Uda honetan 'Ongi etorri euskararen herrira!' kanpaina izango da martxan eskualdean

Urtzi Oteiza-Dorleta Agiriano Lai 2021ko eka. 18a, 09:00

Mankomunitateak, Aldundiak eta UEMAk abiatu dute dinamika, eta azaldu dutenez, "turismoan euskarari dagokion balioa ematea" da helburua. Euskarazko hainbat euskarri sortu dituzte ostalaritza establezimenduen bidez turistei banatzeko, eta eskualdeko zerbitzuen sektorean euskara erabiltzeko "sentzibilizazio lanarekin" jarraituko dute.

Ongi etorri euskararen herrira! kanpaina martxan jarri dute jada Urola Kostako Udal Elkarteak (UKUE) eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, UEMArekin elkarlanean. Udari begira heldu diote dinamikari, "eskualdeko bost udalerrietako (Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaia) turismo eta euskara zerbitzuek sustatuta". Asmoa da, haien arabera, Urola Kostako turismo eskaintzan "dagokion balioa" ematea euskarari, eta hizkuntza "bisitariekin partekatzea", "herri euskaldun batean egotearen esperientziaz goza dezaten".

Atzo izan zen kanpainaren aurkezpen ekitaldia Zarautzen, eta "Urola Kosta bezalako gune turistiko euskaldunek euskararen biziraupenean duten garrantziari" egin zion azpimarra Lourdes Salsamendi UKUEko lehendakariak. Dinamikak "hiru helburu nagusi" izango dituela azaldu zuen: batetik, "gure kultur ondarearen elementu bereizgarri gisa, bisitariei euskara ezagutaraztea", bestetik, "sormen eta esperientzia kanpainaren bidez, bisitariekin euskaraz elkarreraginean aritzea" eta, azkenik, "turismo sektoreko eragileen eta herritarren inplikazioaren bidez, euskarazko harremanak areagotzea".

Urola Kosta "helmuga turistiko erakargarria" dela iritzita, euskara sustatzearen bidez "turismo eskaintzari balio erantsi bat eman nahi" diotela ere adierazi zuen Salsamendik: "Uste dugu gurera datozenei gure izaera eta nortasuna bera ikusaraztea dela eskaintzeko dugun balio erantsirik benetakoena".

Euskarazko zerbitzua

Dena den, "bisitariei euskara ezagutarazteaz gain", "eskualdeko herritarrei begira ere egingo da lan", Salsamendiren arabera. Horren abiapuntu modura aipatu zuen "turismo sektoreko eragileekin" egin den "sentsibilizazio lana". Aurreko urtean eskualdean 11 formakuntza-saio egin zituztela nabarmendu zuen mankomunitateko presidenteak, eta helburua izan zela bertaratu zirenei kanpaina aurkeztea eta sektorean "zerbitzua euskaraz eskaintzearen garrantziaz ohartaraztea".

Lanketa horri jarraipena emateko, zortzi bideo labur argitaratuko dituzte laster. "Kanpotarrekin bizi ohi diren egoera errealak errepresentatu" dituzte ikus-entzunezko horietan eta, Salsamendik dioenez, asmoa da, "modu didaktiko batean", "kanpotarrak erakartzeko eta euskara zabaltzeko tresnak eskaintzea". Horretarako, gainera, "zenbait adituren eta eskualdeko herritarren" ekarpenak jaso dituzte bideoetan.

Euskarriak

Bisitariei zuzendutako euskarriak ere sortu dituzte, ordea; Aian, Getarian, Orion, Zarautzen nahiz Zumaian banatuko dute materiala. Esate baterako, tabernetako eta jatetxeetako mahaien gainean jartzeko 150.000 euskarri prestatu dituzte. Horietan euskarazko hainbat esapide ageri dira gaztelaniara, frantsesera, ingelesera eta katalanera itzulita, turistek zenbait esaldi euskaraz esaten jakin dezaten. Duela hiru urte kaleratu zuten poltsiko-hiztegi bat UEMAk eta UKUEk, eta hori ere "egokitu" dute kanpainarako.

600 pegatina ere sortu dituzte, ostalaritza establezimenduek horien bidez adierazi dezaten bat egiten dutela kanpainarekin eta adierazi dezaten "zerbitzua euskaraz eskainiko dutela". Asteburu honetatik aurrera helaraziko diete materiala eskualdeko zenbait ostalaritza establezimenduri.

Ordezkaritzak aurkezpenean

Salsamendiz gain, Ongi etorri euskararen herrira! kanpainaren aurkezpen ekitaldian izan ziren Aiako, Getariako, Orioko, Zarauzko eta Zumaiako udaletako ordezkariak, UEMAko ordezkariak, Iker Goiria Aldundiko Turismo zuzendaria nahiz Getariako Iribar jatetxeko Pili Manterola, besteak beste.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!