Beste egun bat positibo berririk gabe

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2021ko eka. 24a, 13:15

Aian eta Orion ez dute koronabirus kasu berririk atzeman azken orduetan. Hala, Aiako intzidentzia tasak hutsekoa izaten jarraitzen du eta Oriokoa 81,54koa da.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak kaleratu ditu COVID-19ari lotutako azken orduetako datuak, eta jakinarazi du atzo 9 positibo berri atzeman zituela eskualdean, herenegun baino hiru kasu gehiago. Hain zuzen ere, Urola Kostako herrien artean Azpeitian hauteman dituzte koronabirus kasu gehien, 5; hala, 197,11ko intzidentzia tasa du Urola bailarako herriak, baina eremu horian jarraitzen du.

Bestalde, Zarautzen hiru kasu berri atzeman ditu Osakidetzak azken orduetan egindako probetan, baina egoera ona da bertan, eskualdeko 5.000 biztanletik gorako herrien artean eremu berdean dagoen herri bakarra baita; gaur-gaurkoz 29,98koa da intzidentzia tasa herri horretan. Zumaian zenbatu dute beste positiboa, eta 213,70eko intzidentzia tasarekin eremu horian kokatuta dago.

Gainontzeko herrietan ez dute kasu berririk hauteman osasun langileek. Aian, Aizarnazabalen, Beizaman,  Errezilen eta Zestoan hutsekoa da hamalau eguneko intzidentzia tasa, Getarian 35,34koa, Orion 81,54koa eta Azkoitian 116,83koa. Hala, aipatutako azken bi herriak eremu horian kokatuta daude.

Gipuzkoan 52 kasu berri

Hego Euskal Herriko datuei erreparatuz gero, Osakidetzak eta Osasunbideak jakinarazi dute atzo, guztira, 8.209 test diagnostiko egin zituztela, eta, horietatik 216 izan zirela positibok. Honako hauek dira datuak lurraldeka banatuta: 18 positibo atzeman zituzten Araban, 41 Nafarroan, 52 Gipuzkoan eta 102 Bizkaian. Horrez gain, Hego Euskal Herritik kanpo bizi diren hiru herritarrek eman dute positibo egindako probetan.

Bestalde, erietxeetako egoerak hobera egin du nabarmen azken egunetan, eta Osakidetzak zehaztu du atzo 19 pertsona ospitaleratu zituztela COVID-19aren eraginez. Hala, gaur-gaurkoz 35 pertsona daude Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ZIUetan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!