Ez dute kasu berririk atzeman Aian eta Orion

Dorleta Agiriano Lai 2021ko eka. 29a, 13:25

Urola Kostan hamar kasu positibo zenbatu dituzte azken orduetan: zazpi kasu berri atzeman dituzte Zarautzen, bi Zumaian eta bat Azpeitian

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eguerdian kaleratutako txostenaren arabera, Urola Kostan hamar kasu positibo zenbatu dituzte atzo, astelehenean, egindako PCR eta antigeno probetan. Zarautzen atzeman dituzte kasu gehien; hain zuzen, zazpi. Bi positibo izan dira Zumaian eta bat Azpeitian. Orion eta Aian, berriz, ez dute positibo berririk atzeman. Orion 97,85ekoa da intzidentzia tasa eta Aian hutsekoa, azken hamalau egunetan ez baitute positiborik atzeman herri horretan.

Zumaia da, alde handiarekin, intzidentzia tasarik altuena duen eskualdeko herria. Eta ez eskualdekoa soilik: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gaur-gaurkoz dagoen tasarik altuena da Zumaiakoa, eta lurralde horietan gorrian dagoen udalerri bakarra da. Mallorcan izandako agerraldi bat dela eta, aurreko ostiralean 21 positibo detektatu zituzten herrian, eta bi egun beranduago, zortzi. Azken orduetan bi kasu baino atzeman ez dituzten arren, atzotik 457,92tik 468,10era igo da kasu metatuen tasa.

Nabarmentzekoa da, bestalde, azken orduetako datuekin eremu berdetik horira igaro dela Zarautz. Sei kasu berri atzeman dituzte han asteburuan, eta atzoko probetan beste zazpi kasu baieztatu ostean, 51,40tik 81,38ra igo da tasa. Ez da, ordea, eremu horian dagoen eskualdeko herri bakarra: egoera horretan dago Azpeitia (210,25) ere. Azpeitian intzidentzia tasak behera egin du atzotik (223,39an zegoen atzo).

Aizarnazabalen, Azkoitian, Beizaman, Errezilen, Getarian eta Zestoan ez da kasu positiborik izan azken orduetan. Azkoitian eta Zestoan atzo bezala mantendu da intzidentzia tasa (41,73an eta 25,68an, hurrenez hurren), eta eskualdeko gainontzeko herrietan hutsean jarraitzen du tasak.

216 kasu Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herrian 216 lagunek eman dute positibo azken orduetan, bezperan baino gehiagok; 171 kasu izan ziren igandean. Positibotasun tasak, hala ere, behera egin du; %4tik %3,1era Nafarroan eta %2,9tik %2,6ra Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Bestalde, atzo gora egin zuen COVID-19ak jota Osakidetzaren ardurapeko erietxeetan zeuden pertsonen kopuruak. Izan ere, 48 ziren igandean eta 64 ziren atzo, Osasun Sailaren arabera. Atzo, gainera, 32 lagun zeuden ZIUetan ospitaleratuta.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!