Estatxa askatzeko ordua heldu da

IƱigo Gaiton 2021ko uzt. 2a, 11:27

Bihar jokatuko dira Eusko Label eta Euskotren ligetako lehen jardunaldiak, larunbatarekin. Orio Arraunketa Elkarteko txalupa bana izango da bi lehiaketetan, eta hirugarrenak dagoeneko jokatu ditu KAE1 ligako zenbait estropada. Zer helburu ote dituzte etxeko traineruek datozen hilabeteei begira?

Uda hasiera garai berezia izan ohi da estropalarientzat. Neguko lehorreko lanak atzean laga, aurre denboraldiko jaitsieretan hobetu beharrekoak doitu, eta traineruan benetako estropadei ekiteko unea izaten dute. Aurten ere, Orio Arraunketa Elkarteko hiru txalupak egingo dute arraunean udako denboraldian, eta KARKARAk Arraunetxeraino jo du, haien asmoen eta helburuen berri izateko. 

Emakumezkoen traineruak denboraldi ikaragarria egin zuen iaz, eta haiek irabazitakoak izan ziren elkarteak lortutako bandera gehienak. Nagusitasuna erakutsi zuten estropada askotan, eta herrian luzaroan gogoratuko da iazkoa. Itxaso Azkonobieta estropalariaren hitzetan, taldeak badaki irabazten, lehengo urtean erakutsi zuten modura, baina galtzen ere ondo ikasitakoak dira: “Santi Zabaleta entrenatzaileak beti erakutsi izan digu oinak lurrean izaten. Atzeko postuetan urteak egin genituen, eta uste dut heldutasun maila handia duela taldeak, aurten iaz baino gazteagoa izango den arren”. 

Bajak eta altak kontuan izanik, taldea berritu egin dela iritzi dio Azkonobietak, bizkarrezurra mantendu duten arren. Jaitsi egin da arraunlarien adinaren bataz bestekoa, eta hori ontzat jo du: “Neguan egin dugun lanari esker, taldekide berriak ondo egokitu dira; tartean, jubeniletatik igo diren hiru gazte daude. Lan asko ikusi dut inguruan, eta horri esker entrenamendu oso onak egin ditugu”. 

Neguan arraunketa ona izatera iritsi direla nabarmendu du arraunlariak, eta azken asteotan horri erritmoa sartzen jardun dute. “Blokeari eustea lortu dugu, eta uretako lanari dagokionez, taldekide berriak gure arraunketara egokitzea lortu da”. 

Aurkari oso gogorrak
Azkonobietaren esanetan, aurkariek talde indartsuagoak dituzte aurten, eta hori antzeman da aurre denboraldiko estropadetan. Orio faborito nagusia izango ote den galdetuta, presiorik ez dutela sentitzen adierazi du: “Auto-exijentzia handiko jendea gara, eta urtero bezala ekingo diogu udari. Atzerago ibili ginen urteetan oraingo helburu bera genuen: beti maila onena ematen saiatzea, estropadaz estropada gure bertsiorik onena erakustea xede hartuta. Iazkoa berdintzea oso zaila izango da, baina gogor saiatuko gara”. 

Jon Salsamendik ere iritzi bera du, eta gizonezkoen lehen txalupak “aurkari oso gogorrak” izatea espero du. “Ohorezko txandan tokia izatea da gure helburua, baina ligako zerrendari erreparatuta, zaila da aurreneko lau postuetan nor ibiliko diren asmatzea. Iazko erreferentziak kontuan izanik, nor eroriko da? Horrela esanda, helburuak soila edo erraza dirudi, baina ez da horrela. Segundo bakoitza postu bat da, eta edozein akats garesti ordainduko da”, hasi da hizketan. 

Aurten, arraunlari kopuruari begira “hanka-motz” geratu direla nabarmendu du: “Negua 30 edo 31 estropalarirekin egin dugu, eta kopuru horiekin oso zaila da udan bi traineru lehiakor ateratzea. Lehen taldeak 26 estropada jokatuko ditu bi hilabete eta erdian, eta suposatzen duen karga kontuan izanik, mirari bat izango da astebururo normaltasunez lehiatu ahal izatea”, azaldu du argi. Mutilen kalitateak ez du kezkatzen, kantitateak baizik: “2019an liga irabazi genuen. Urte hartako lehen estropadako tripulaziotik hiru arraunlari bakarrik falta dira aurten, eta patroia. Kalitatea, beraz, ez da aitzakia izango”. 

Gorka Aranberri erreferente bihurtu da Orion egin dituen urteetan. Patroia Santurtzira joan izanak taldearen arraunketa moldatzera behartu ote duen galdegin zaio entrenatzaileari: “Ez, ez. Patroiaren ezaugarri fisikoek, pisuak batez ere, eragin handiagoa izango du arraunketan, haren mailak edo trebeziak baino gehiago. Sei edo zazpi kiloko aldeak aldaketak egitera behartuko gintuzke orekari eta biomekanikari lotutako kontuetan. Ez da kasua. Gorka 60 kilotik jaisten zen denboraldian, eta Ugaitzek, gizen egonda ere, 57 kiloko pisua du. Landu beharreko aldaketa bat da Gorka joan izana, beste askoren artean”.

Iaztik sei baja izan ditu lehen taldeak, eta ez dute kanpotik etorritako kide berririk tostartean. Bigarren txalupako estropalariekin osatuko ditu tripulazioak Salsamendik, eta harrobikoek toki gehiago izango dute. “Zorionez, etxe barruan bilatu dugu falta zitzaiguna. Urrats bat aurrera emateko aukera izango du gazte batek baino gehiagok”. 

Edozeineni aurre egiteko gai ikusten du lehen txalupa. “Orioko identitatea mantendu behar dugu, izaera, eta garbi eduki zer garen aurten. Emaitzak iristen ez direnean hondoratzen ez bagara, edozer egiteko gai izango gara”. 

Etorkizunera begira
Salsamendik bosgarren denboraldia egingo du Orion entrenatzaile modura. Gizonezkoen taldearen gidaritza hartu izana inflexio puntua izan zen askorentzat, eta atzera begira jarri du kazetariaren galderak: “Nik ez dut emaitzen baloraziorik egingo, hori zaleen eta elkartearen esku dago. Normala den bezala, errendimenduaz gain beste gauza asko sentitzen ditut Orioko entrenatzaile izanda, eta azken bi urteetan gauza asko gertatu dira, bi oso garrantzisuak: izurria batetik, zuzendaritza eta babesle aldaketa bestetik. Momentu honetan, inflexio puntuan ikusten dut elkartea”. 

Etorkizuna proiektatzeko une garrantzitsua dela iritzi dio, eta baikor agertu da: “Zer garen eta zer daukagun jarri behar dugu esku batean, eta datozen urteetan nora joan nahi dugun bestean. Ariketa hori zintzotasunez egitea beharrezkoa ikusten dut elkartearentzat, hurrengo urtetarako proiektu sendo bat diseinatzeko”.

Harrobian ere kolpeka
Erreportajea idatzi den unean, mutilen bigarren taldeak KAE1 ligako bi jardunaldi jokatu ditu. Hamaikagarren izan ziren aurrenekoan, bederatzigarren bigarrengoan. Iaz, ligan egindako lehen urtean, ondo eutsi zioten mailari. Larraren entrenatzailearen hitzetan, helburu bera dute aurten. “KAE1 liga oso gogorra izango da, lehiakide erdiak TKEn ibilitako traineruak direlako: San Juan, San Pedro, Pedreña... Arraun elkarte jakin batzuetako lehen taldeak dira horiek, eta gu punta-puntako elkarte baten bigarren txalupa gara”. 

Bere hitzetan, tripulazioaren bizkarrezurra mantentzea lortu dute, baina baja batzuk izan dira, eta “zertxobait ahulagoa” da aurten taldea. Hala ere, bide onean ikusten ditu mutilak. “Neguan jarrera eredugarria izan dute. Izurria dela-eta, hilabete gogorrak pasatu ditugu, baina kirol arloan ez dago aitzakiarik, prestaketa ondo burutzea lortu dugu”, azaldu du asebeteta.  

Traineru bat estropadetan lehian dabilen unetik, errendimenduak eta emaitzek garrantzia izaten dute estropalari eta prestatzaile ororentzat, baina bigarren talde batean badira gauza garrantzitsuagoak: “Gazteei entrenatzeko kultura bat erakusten saiatzen gara, lanerako dinamika bat, elkartearen oinarria eta harrobia sendotzeko helburuarekin. Estropalari batek gozatzen ere ikasi behar du, batez ere beheko maila hauetan”.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!