Beste sei kasu positibo baieztatu dituzte Orion, eta bat Aian

Anartz Izagirre 2021ko uzt. 21a, 13:13

636,01era igo da Orioko intzidentzia tasa. Hego Euskal Herrian nabarmen egin du okerrera egoerak, eta bi milatik gora kasu atzeman dituzte egun bakar batean lau lurraldeetan.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak plazaratu ditu atzo, asteartea, egindako PCR eta antigeno proben emaitzak, eta egoerak okerrera egiten jarraitzen du eguna joan eta eguna etorri. Orion sei kasu positibo izan dira azken orduetan, eta 636,01era igo da intzidentzia tasa —eremu gorrian jarraitzen du herriak—. Aian, aldiz, kasu bat baieztatu dute, eta 403,02an dago tasa.

Urola Kostan, guztira, 62 kasu berri hauteman dituzte —herenegun baino hamabost gehiago—, eta eskualdeko herri handi gehienek eremu gorrian jarraitzen dute. Eskualdeko kasurik gehien Zarautzen atzeman dituzte: 21. Herri horretako 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako tasak gora egiten jarraitzen du etengabe, eta uneotan 723,86koa da. Bestalde, Azkoitian 11 kasu hauteman dituzte, eta intzidentzia tasak milatik gorakoa izaten jarraitzen du; hain zuzen ere, kasu berriekin 1.051,49ra igo da tasa. Dena den, Zumaian dute egoerarik okerrena; izan ere, herenegun baino bost kasu gehiago zenbatu zituzten atzo, eta 1.241,48ra igo da tasa. Kopuru horrekin, eskualdeko 5.000 biztanletik gorako herrietatik tasarik altuena duen herria da Zumaia.

Bestalde, Azpeitian zortzi kasu zenbatu dituzte, eta 361,37 da intzidentzia tasa. Eremu laranjan jarraitzen badute ere, oso gertu dute eremu gorria. Eskualdeko gainontzeko positiboak, berriz, Getarian (hiru) eta Zestoan (bi) izan dira. Honakoak dira herri horietako intzidentzia tasak: 565,37 Getarian eta 385,21 Zestoan.

Bi milatik gora, Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herriko egoerak ere okerrera egiten jarraitzen du nabarmen. Atzo, 15.831 PCR eta antigeno proba egin zituzten lau lurraldeetan, eta positiborik gehien Bizkaian atzeman zituzten (873). Ondoren, Gipuzkoan (481), Nafarroan (459) eta Araban (189). Positibotasun tasak ere oso altua izaten jarraitzen du; %12,4 da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %14,9 Nafarroan.

Ospitaleetan ere presio gehiago dute apurka-apurka. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 234 pertsona daude erietxeetan, eta horietatik 45 dira ZIUetan daudenak. Nafarroan, berriz, 80 pertsona daude ospitaleratuta, eta horietatik 12 dira ZIUetan daudenak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!