Izurriak ez du hoberanzko trazarik erakutsi Orion aste osoan zehar

IƱigo Gaiton - Anartz Izagirre 2021ko uzt. 23a, 13:04

Grafikoan ikus daitekeen modura, intzidentzia tasak gora eta gora egiten jarraitzen du Orion, eta atzo atzemandako beste sei positiboekin, 831,70ean kokatu da. Aiaren zifrek apalak izaten jarraitzen dute, eta atzo detektatutako positiboarekin, bi bakarrik izan dituzte aste honetan.

Lehengo ostiraletik atzora bitarteko datuek argi erakusten duten modura, Orioko egoera epidemiologikoak txarra izaten jarraitzen du. Azken zazpi egunetan 34 positibo izan dira herrian (sei atzo egindako frogetan detektatu ziren), eta astean zehar, pandemiak ez du hobera egiteko trazarik erakutsi. 831,70 da Orioren intzidentzia tasa momentu honetan, eta grafikoan ikus daitekeen modura, marra urdinaren igoera are bertikalagoa izan da azken egunetan.

Aiari dagokionez, aste honetan ere herriak zenbaki apalak izan ditu, eta bi positibo bakarrik detektatu dira azken zazpi egunetan; horietako bat, atzo. 403,02 da Aiaren intzidentzia tasa, gaur gaurkoz.

Eskualde mailan, Orio eta Aiakoez gain beste 66 positibo zenbatu zituzten atzo Urola Kostan, eta 5.000 biztanletik gorako herri guztiek eremu gorrian jarraitzen dute. Horren ondorioz, 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako intzidentzia tasek ere goranzko joera dute herri gehienetan.

Zarautzen hauteman dituzte kasu gehien, 21. Eskualdeko herririk handienean etenik gabe goraka jarraitzen du intzidentzia tasak, eta une honetan, 818,09koa da. Bestalde, Azpeitian hamabost kasu zenbatu dituzte, eta nabarmen igo da herri horretako intzidentzia tasa. Aste honen erdialdean eremu laranjan zegoen eskualdeko 5.000 biztanletik gorako herri bakarra zen Azpeitia, baina azken egunetako datuekin eremu gorrira igaro da. Uneotan, 512,48ko tasa dute han.

Hala eta guztiz, Zumaia da herri guztietatik okerren dagoena. Hamalau kasu berri izan dira han, eta intzidentzia tasa 1.383,94ra igo da. Horrenbestez, Urola Kostako herri guztietatik tasarik altuena duen herria da Zumaia, eta oraindik ere ez dute goia jo kurbak. Azkoitian ere egoera txarrean jarraitzen dute; hamabi kasu berri hautemanda goraka jarraitzen du intzidentzia tasak, eta gaur-gaurkoz 1.143,29koa da.

Getarian eta Zestoan bina kasu zenbatu dituzte, eta 742,05 eta 487,93 dira hurrenez hurren bi herri horietako tasak. Aizarnazabal, Beizama eta Errezil dira kasu berririk gabeko herri bakarrak.

Ospitaleetako presioak gora

Hego Euskal Herrian ere oraindik ez du goia jo positiboen kurbak, eta atzo egindako 15.659 PCR eta antigeno probetatik, 2.216 izan ziren emaitza positiboa izan zutenak lau lurraldeetan. Kasu gehien Bizkaian izan dira (966), eta ondoren, Gipuzkoan (564), Nafarroan (447) eta Araban (197). Positibotasun tasak ere oso altua izaten jarraitzen du; %14,1ekoa da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta %14,5ekoa Nafarroan.

Ospitaleeetako presioak ere apurka-apurka gora egiten jarraitzen du. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 229 dira ospitaleetan dauden eriak, eta horietatik 50 daude ZIUetan. Nafarroan, aldiz, 79 pertsona daude ospitaleratuta, eta 14 dira ZIUetan daudenak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!