Eskualdekoak Olinpiar Jokoetan (I)

Uztaiak gora, lurretik zerura

Aritz Mutiozabal 2021ko uzt. 25a, 17:00
Oiana Blanco, 2012an Londresko Jokoetatik herrira itzuli zenean egin zioten ongietorrian (Onintza Lete Arrieta)

Ehun urte bete dira eskualdeko kirolari batek estreinakoz Olinpiar Jokoetan parte hartu zuenetik. Harrezkero, zerrenda handituz joan bada ere, oso gutxiren eskura egon den saria izan da. Jokoetan parte hartu dutenetako bat da Oihana Blanco oriotarra.

Bertan behera izeneko mamua jada uxatuta, urtebete geroago datoz Tokioko Olinpiar Jokoak. 2020koak, eta ez 2021ekoak. Betikoak, baina atipikoak. Segurtasun neurri guztiak zorrotz hartuta eta ikusleriaren aztarrenik gabe, ezertxok ere hutsik egin ez dezan, kirolarien osasuna bermatzeko.

Atzo, ostirala, hasi eta abuztuaren 8ra arte hamaika kirol eta hamaika modalitate izango dira lehian, nazioarteko komunikabideen begiradapean, eta ziur izango dela balentria, marka hauste eta gertakari gogoangarririk. Baina zalantzarik ez izan, ororen gainetik, Pandemiaren Jokoak bezala gogoratuko direla historiako liburuetan, Wikipedian edota sareko edozein blogetan.


Agustin Eizagirre zarauztarra (Real Sociedad)

Efemerideen kobazuloan indusketak eginez, hara non topatu daitekeen bandera olinpikoa estreinakoz igo zuteneko mendeurrena Tokion. Pierre de Coubertinek sortu zituen bost uztai koloretsuak atzealde zuriarekin, eta 1914an Nazioarteko Batzorde Olinpikoak begi onez onartu zuiten, baina Lehen Mundu Gerraren ondorioz, 1916ko jokoak ezin izan ziren egin, eta 1920ko Anberesko (Belgika) hitzordura arte itxaron behar izan zuten zapi hura ekitaldiaren ikur bihurtzeko.

Bandera berri hura bertatik bertara ikusteko aukera izan zuenetako bat zarauztarra izan zen. Hain zuzen, Agustin Eizagirre futbolaria Belgikan izan zen Espainiako futbol selekzioarekin duela ehun urte, eta, harrezkero, Urola Kostako hainbat kirolarik egin dute borroka amets olinpikoa lortzeko. Batzuk bidean geratu badira ere, beste batzuek txartel preziatua bereganatu dute, ereindako lanaren fruitua jasota.

1988tik 2020ra, Seuletik Tokiora, eskualdeak beti izan du gutxienez ordezkari bat kirolarien olinpoan. Aurten, bigarrenez jarraian, Iñigo Peña piraguista zumaiarra nor baino nor ariko da uztai olinpikoak zizelkatuta dituen domina helburu.


Baloiaren zoritxarra

Futbolariak izan ziren hitzordura iristen lehenak, baina ez horregatik zoririk onena bizi izan zutenak. Realeko lehen atezain nagusia izan zen Agustin Eizagirre (Zarautz, 1897-1961), eta garaiko Espainiako ligako onena zen. Ondorioz, Paco Bru hautatzaileak Anberesko 1920ko Jokoetara eraman zuen: inork ez zuen zalantzarik egiten, Espainiako selekzioko atezaina bera izango zen, baina Danimarkaren aurkako lehen partida hartan Ricardo Zamora jarri zuten atean lehen hamaikakoarekin.

Zamorak 19 urte baino ez zituen, baina sekulako erakustaldia egin zuen, eta ikusle guztiek txalo artean hartu zuten. Hori ikusita eta ohartuta han ez zuela zereginik, Eizagirrek selekzioa utzi zuen eta etxera itzuli zen bigarren partida jokatu baino lehen. Espainiak zilarrezko domina lortu zuen, eta zarauztarrak ez zuen inoiz Espainiako selekzioarekin jokatu. Bai, ordea, Euskadirekin Hego Amerikan, 1922an.

Zarautzen bada kale bat Kiriki izenekoa, Alde Zaharrean dagoena. Batzuek jakingo dute eta beste batzuek ez, baina Realeko beste futbolari zarauztar baten omenez izendatu zuten modu horretan. Elastiko txuri-urdina defendatu zuen Luis Iruretagoiena Kiriki-k (Zarautz, 1907-1965) 1920eko eta 30eko hamarkadetan, eta 1928ko Amsterdameko Jokoetan lehiatzeko aukera izan zuen.

Lehenengo partida 7-1 irabazi zuen Espainiak Mexikoren aurka, baina bigarrena bana berdindu zuen Italiarekin. Zarauztarrak ezin izan zuen jokatu berdinketa hausteko norgehiagoka, italiarren kontrako aurreko lehian min hartu zuelako. 7-1 galduta, Jokoetatik kanpo geratu zen Espainia. Kiriki ez zuten gehiago selekziorako hautatu.

Gerraren zangalatraba

1936an jo zuen goia Isidoro Unzueta korrikalari zarauztarraren kirol ibilbideak. Espainiako Txapelketa jokatu zuen urte hartan Montjuicen (Bartzelona, Herrialde Katalanak), eta bigarren postuan bukatu zuen, irabazlearengandik sei segundora. Hala ere, txapeldunetan txapeldun izango balitz bezala jaso zuten Zarautzen.

Ez zen gutxiagorako, Berlingo Olinpiar Jokoetarako txartela eskuratu baitzuen. Kontuak, ordea, ilun jarri ziren 1936an Euskal Herrian eta Espainian, eta gerragatik parte hartu ezinik geratu zen.


Orpo eta punta

Atletismoan maila handiko ordezkariak izan ditu eskualdeak, baina Jokoei dagokienez, norbaitek begikoa bota diela dirudi. Jose Migel Maiz aiarra maisua izan zen krosean, eta 1968ko Donostiako Krosean Mamo Wolde txapeldun olinpikoa garaitu bazuen ere, ez zen Mexikoko Jokoetan izan.

Aiako Salbardin baserrian bizi den Maria Luisa Irizar ere Espainiako txapeldun izan zen Valentzian (Herrialde Katalanak) jokatutako maratoian, baina Espainiako federazioak ez zuen Seulera eraman 1988an, horretarako dirurik ez zeukala argudiatuta. Lau urte geroago ere ez zuen zorte hoberik izan: pneumonia batek 1992ko Bartzelonako hitzordutik kanpo utzi zuen. Osasun kontuek ere eragina izan zuten Kamel Ziani oriotarraren amets olinpikoan; izan ere, oin azpiko lesio batek aukerarik gabe utzi zuen 2008ko Pekingo txapelketarako.

Guztia ez da bide iluna izan, ordea. Diego Garcia korrikalari azkoitiar karismadunak birritan hartu zuen parte Jokoetan: Bartzelonan 1992an eta Atlantan (AEBak) 1996an. Aurrenekoan, maratoiko Espainiako marka hautsi zuen 2:10:30ko denborarekin; bederatzigarren postuan sailkatu zen eta diploma olinpikoa bereganatu zuen. Bigarren aldian, aitzitik, nahiko oharkabean igaro zen: Garciaren azken urteetako lorpenak ikusita, zaleei zapore garratza geratu zitzaien Atlantako 52. postu harekin.

[
Oiana Blanco, Londresko Olinpiar Jokoetan Tomoko Fumukiren aurka borrokan (utzitakoa).

Su-olinpikoa

Izerdia franko botata lortu zuen azkenik Jokoetara sailkatzea Oiana Blanco judoka oriotarrak. 2012a zen, eta Londres bere zain zegoen. Abenturak, ordea, gutxi iraun zuen beretzat. Lehen txandan orduko munduko txapeldun Tomoko Fukumiren aurka borroka egitea tokatu zitzaion, eta ezin izan zuen irabazi. Berdinketari eutsi zion araudiak zehaztutako lehen bost minutuetan, baina, azkenean, etsi egin zuen urrezko borrokan. Porrot mingarria izan zen, berehalakoan agur esan behar izan ziolako ametsetako hitzorduari.

Haren senide, lagun eta herritarrak ere asko tristetu ziren emaitzarekin. Hitzordua jarri zuten Orioko udaletxean borrokaldia pantaila handian ikusteko eta jende dezente elkartu zen, baina arazo tekniko batzuk zirela medio, ezin izan zuten zuzenean ikusi. Aitzitik, pena guztiak uxatzeko, sekulako ongietorria egin zioten sorterrira bueltatu zenean. Txu-txu trenean herritik buelta bat eman zioten txaranga atzetik zuela. Plazara iritsi zenean, herriko hainbat kirolarik emandako su olinpikoa hartu eta egoerarako propio prestatutako ontzian sua piztu zuen.


Domina ala Kontxa

Kontxa ala Olinpiar Jokoak. To be or not to be. Hori da kontua. Jose Luis Kortak ibilbide oparoa du arraun munduan, eta bere lorpenen artean, balentria ikaragarria: Kontxako hamazazpi bandera. Hala ere, badu maila pertsonalean arantzatxo bat. 1976an entrentzaile gisa hasi zen, eta aulki mugikorreko txapelketak alboratu behar izan zituen. Jokoak abuztuan jokatzen ziren, eta ezinezkoa zuen traineru elkarteekin hartutako konpromisoari muzin egitea. Espainiako selekzioaren deia hainbat alditan jaso zuela esana du, Munichera (Alemania), Montrealera (Kanada) edota Los Angelesera (AEBak) joateko.

Behin hartu zuen parte; 1980ko Moskuko Olinpiar Jokoetan, data aldetik lehenago jokatu zirelako. Jose Ramon Oiarzabal oiartzuarrarekin batera skull bikotzean lehiatu zen, eta zazpigarren bukatu zuten. Dominarik gabe, baina lehen hamar sailkatuen artean bukatu zutenez, diploma olinpikoarekin itzuli zen etxera Ortzaikako arraunlaria.

Orio Arraunketa Elkarteko bi arraunlari presente izan ziren 1988ko Seuleko Jokoetan: Jose Luis Agirre eta Ibon Urbieta. Lehenak lemazainik gabeko lauko ontzian hartu zuen parte, eta bigarrenak lemazaindun lauko ontzian. Biek ala biek zorte gazi bera izan zuten: ezin estreinako txanda gainditu, eta bertan amaitu zen haien abentura. Urbieta 1992ko Bartzelonako hitzordurako ere prestatu zen, Jose Ignacio Bugarinekin bikoa osatuta eta Javier Cano lemazain zutela. Emaitzak, ordea, ez ziren aurreikusitakoak bezain onak izan orduan ere, eta hamabigarren postuarekin konformatu behar izan zuen.


Pau Gasolen sinadura

Michael Phelps estatubatuarrak urrezko zortzi domina irabazi zituen igerileku berean lehiatu zen Borja Iradier igerilari zarauztarra 2008ko Pekingo Jokoetan. Bular estiloko 100 metroko proban hartu zuen parte, baina ez zen bere onenean iritsi –hitzordura sailkatzeko gutxieneko marka bi hilabete lehenago lortu baitzuen– eta ezin izan zuen lehen kanporaketa gainditu.

Borja Iradier igerilaria Pekingo zaindariekin (Julen Etxeberria).

Nolanahi ere, bere markatik segundo erdira geratu zen. Bitxikeria moduan, Iradierrek Jokoen irekiera ekitaldiko desfilean hartu zuen parte Espainiako selekzioarekin. Aldamenean zituen kideak baino apurtxo bat altuagoa zenez eta hiru egunetako bizarra zeramanez, txinatarrek Pau Gasol zela pentsatu zuten, eta sinadura eske gerturatu zitzaizkio.

[Datorren astean erreportajearen bigarren zatia publikatuko da].

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!