Azken metroetan erabaki da Lekeitioko estropada, eta Orio bigarren izan da berriro

IƱigo Gaiton 2021ko uzt. 25a, 12:33
Oriotarrak, atzoko estropadan.

Euskotren ligako txalupen artean dagoen berdintasuna agerian geratu da beste behin ere, eta Donostiarrak irabazi du bandera gaurko estropadan.

Estropada zoragarria jokatu dute Euskotren ligako traineruek Lekeition. Borroka ikaragarria izan dute haien artean Oriok, Donostiarrak eta Arraun Lagunak-ek, eta azken segundoetan hartutako olatuei esker gailendu da Donostiarra.

Atzo bezala, Donostiarrak egin du lehen luze onena, baina itzulerakoan, Orio eta Arraun Lagunak joan dira estropada buruan, olatuak txandaka hartu eta elkarri branka sartuz.  

Bukaera aldera, bandera Orio eta Arraun Lagunak-en artean erabakiko zela zirudienean, Donostiarrak atzetik aurrera egin du olatuak aprobetxatuz, eta irabaztea lortu du. Orio bigarren izan da ozta-ozta, hirugarren Arraun Lagunak eta laugarren Hondarribia.

Oihane Iraola Orio AEko arraunlariak estropada haientzat "ona" izan dela adierazi du, lehorrean egindako adierazpenetan: "Laugarren kaleko baldintzak ez dira oso aldekoak izan, baina banderarik lortu ez arren, kontentu gaude egin dugun lanarekin".

Ligaren sailkapenari dagokionez, Arraun Lagunak eta Orio berdinduta daude lidertzan, 25 punturekin.

Sailkapena:
Donostiarra 10:55,36
Orio 10:56,54
Arraun Lagunak 10:57,26
Hondarribia 11:04,40

Ligaren sailkapena:
Arraun Lagunak 25 puntu
Orio 25 puntu
Donostiarra 17 puntu
Hondarribia 13 puntu

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!