Abian da 'Ongi etorri euskararen herrira!' kanpaina

Dorleta Agiriano Lai 2021ko uzt. 26a, 08:57

Kanpainako hainbat euskarri banatu dituzte Orioko establezimenduetan; besteak beste, euskarazko oinarrizko hiztegi bat jasotzen duten mahai zapiak eta leihoetan jartzeko apaingarriak. Zenbait bideo ere argitaratu dituzte, "modu didaktiko batean", "euskara zabaltzeko tresnak eskaintzeko". Xixarion grabatu dute bideo horietako bat.

Urola Kostako Udal Elkarteak ekainean aurkeztu zuen Ongi etorri euskararen herrira! kanpaina. Dinamikaren helburua da Urola Kostako turismo eskaintzan "dagokion balioa" ematea euskarari, baita hizkuntza "bisitariekin partekatzea" ere, "herri euskaldun batean egotearen esperientziaz goza dezaten". Dagoeneko martxan da kanpaina, eta Orioko Udalak azaldu duenez, hainbat euskarri banatu dituzte Orioko establezimenduetan.

Tabernetako eta jatetxeetako mahaien gainean jartzeko 150.000 zapi sortu ditu mankomunitateak, euskarazko oinarrizko hiztegi batekin; euskarazko hainbat esapide ageri dira horietan, gaztelaniara, frantsesera, ingelesera eta katalanera itzulita. Orioko ostalaritza-lokaletan banatu dituzte mahai zapiak jada.

Bestalde, ehunka pegatina egin dituzte establezimenduek adieraz dezaten bat egiten dutela kanpainarekin. Orion hainbat erakusleihotan daude ikusgai daude apaingarri horiek, eta modu horretan azal dezakete negozioek zerbitzua euskaraz eskaintzen dutela.

Herriko Plazako eta hondartza inguruko faroletan, bestalde, kartelak jarri dituzte. Eskualdeko irudiak ageri dira horietan, "eta bisitariei keinu txiki bat egiten zaie bertatik, Europako hizkuntza zahar biziena ezagutzeko gonbita eginez".

UKUEko presidente Lourdes Salsamendik, gainera, ekaineko aurkezpenean azaldu zuen "sentsibilizazio lana" egin dutela "turismo sektoreko eragileekin",  "zerbitzua euskaraz eskaintzearen garrantziaz ohartarazteko". Lanketa horri jarraipena emateko, hainbat bideo labur egin dituzte. Ikus-entzunezkoen helburua da "kanpotarrak erakartzeko eta euskara zabaltzeko tresnak eskaintzea", "modu didaktiko batean". Orioko Xixario erretegian grabatu dute zortzi bideoetako bat.

Erlazionatuak

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!