Oriotik abiatu da Ibilian-ibilian euskal presoen aldeko martxa

Onintza Lete Arrieta 2021ko uzt. 31a, 11:31

Eguraldi makurrak herritar gutxi animatu ditu martxan parte hartzera, baina juntatu direnek umoretsu ekin diete Zarautzerako bideari, plazatik abiatu eta Txurrukatik barrena. Malekoian zarauztarrekin elkartu, eta Getariarantz jarraitu dute kostako bidetik. Han 11:30ean hasiko da eskualde mailako ekitaldia.

Ibilian-ibilian dinamikaren barruan, ekitaldi bana dituzte prestatuta gaurko eta biharko Etxeratek eta Sarek. Gaur oinez bi zutabe iritsiko dira Getariara euskal presoen, iheslarien eta errefuxiatuen eskubideak aldarrikatzeko, bat Zumaia aldetik, bestea Orio aldetik, eta han bat egingo dute, ondoren eskualde mailako ekitaldian parte hartzeko.

Oriotik eta Aiatik herritar gutxi animatu da gaurko ekimenean parte hartzera. Eguraldiak ez du askorik lagundu, gainera. Dena den, elkartu direnek umoretsu ekin diete bideari. Plazatik abiatu eta Txurrukatik barrena iritsi dira Zarauzko malekoira. Ikusi hemen Zarauzko martxaren irudiak.

Bihar, berriz, urteroko hitzordua izango da hondartzetan ere euskal presoak gogoraratzeko. Zarautzen eta Orion dira hitzorduak. 12:00etan elkartuko dira Musika plazan Zarautzen, eta autobide azpiko zubian, Orion.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!