Euskal presoen etxeratzea eskatzeko ekitaldia egin dute eguerdian Getarian eskualdeko herritarrek

Maria Maya Manterola 2021ko uzt. 31a, 16:18

"Euskal presoen salbuespenezko neurri guztiak" bertan behera gera daitezen eta haien etxeratze prozesua bultzatzeko, kostako herriak lotu dituzte Oriotik eta Zumaiatik abiatu diren martxa banatan. Getarian elkartu dira, eta bertan egin dute ekitaldia. Bihar Orioko eta Zarauzko hondartzetan elkartuko dira, euskal preso, deportatu eta iheslarien eskubideen alde.

Euskal preso, deportatu eta iheslarien etxeratze prozesuan bultzada emateko, hainbat ekimen izan dira gaur, larunbata, Gipuzkoan, Ibilian-ibilian, etxerako bidean lelo hartuta. Eguraldia ez dute alde izan, baina Urola Kostan ere herritar ugari elkartu da Sare eta Etxerat euskal presoen aldeko mugimenduaren deialdiari erantzunez, urratsez urrats, kostako herriak lotuz. 

Oriotik eta Zumaiatik martxa bana abiatu da goizean: oriotarrak izan dira goiztiarrenak, 09:00etan elkartu baitira plazan, eta Txurrukatik barrena egin dute bidea Zarauzko malekoiraino. Ordurako, aldarrikapenak soinean zain zituzten zarauztarrak, eta elkarrekin egin dute Getariarako bidea. Zumaian, berriz, 10:00etan abiatu dira Beheko plazatik, eta Santiago parean elkartu dira zestoarrekin. 

Getarian egin diete harrera bi martxei, 11:30ean. Alde Zaharreko kaleetan itzulia eman dute txistu eta danbor soinuek lagunduta, eta Gudarien Enparantzan egin dute geldialdia. Libe Goenagaren bertsoaren ondotik, Inaxio Oiartzabal Sareko bozeramaileak hartu du hitza. Antton, Ekaitz, Gregorio, Gotzon eta Pow bailarako presoak gogoan hartu nahi izan ditu: “Etxerako bidean jarri nahi ditugu, gertu izan arren, hiru laurdenak bete dituztenen kasuan baldintzapeko askatasuna egi bilakatuz”. Egitasmoa “presoek bizi dituzten salbuespenezko neurri guztiak bertan behera gera daitezen” elkartu direla gaineratu du Oiarzabalek, bestalde. 

Euskal presoak etxeratzera bidean, “lehen pauso batzuk eman dituztela” esan du Sareko bozeramaileak. Haren hitzetan, “eremu ezberdinetan eraikitako aktibazio eta adostasunari esker” izan da hori. Oztoporik eta eskari erantsirik gabe, euskal preso guztiei etxeratzeko prozesua parez pare irekitzeko garaia badela nabarmendu du, eta prozesu hori bete dadin lanean jarraitzeko deia egin du. “Ziur egon lortuko dugula”, amaitu du hitzartzea Oiartzabalek. 

Gudarien Enparantzan elkartutakoek Kalera, kalera abestu dute eskusoinuaren erritmora. Donostiako Klasikoa Getariatik igarotzekoa zenez, hitzordua baliatu dute presoen aldeko aldarrikapenak ikusarazteko. 

Hondartzetan, bihar

Etxeratek deituta, euskal preso, deportatu eta iheslari politikoen eskubideen alde Euskal Herriko hainbat hondartzetan elkartuko dira bihar. Urola Kostan, Orioko eta Zarauzko hondartzetan izango da bilkura, 12:00etan. Ekitaldi horrekin emango diote amaiera Sarek eta Etxeratek Ibilian-ibilian dinamikari.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!