Presoak, iheslariak eta deportatuak gogoratu dituzte beste behin hondartzetan

Onintza Lete Arrieta-Maria Maya Manterola 2021ko abu. 1a, 13:31

Etxeratek deituta, Antilla hondartzara martxa egin dute dozenaka lagunek gaur eguerdian, Salbuespenezko politikari stop! Etxera lelopean.

Salbuespenezko politikari stop! Etxera lelopean egin dituzte mobilizazioak Euskal Herriko hamazazpi hondartzetan, tartean Orioko Antillan.

Autobide azpiko aparkalekutik abiatu dira pankartak eta banderolak soinean, eta hondartzara joan ondoren, herriko plazan amaitu dute protesta. Inguruko herrietatik ere bertaratu dira, Usurbildik eta Lasartetik, besteak beste.

Etxeraten hitzetan, "Espainiako eta Frantziako estatuei ez zaie borondate politikorik ikusten iraganeko inertziak alboratu eta erabaki bat hartzeko". Andaluziako espetxeetan euskal presorik egon ez arren, Pariskoetan oraindik badirela gogorarazi nahi izan dute: "147 euskal preso Euskal Herriko periferiako espetxeetan daude oraindik. Bitartean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako espetxeetan modulu hutsak daude". 

Eskaera zehatzak egin ditu Etxeratek. Alde batetik, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten hemeretzi presoak "berehala" aske utzi ditzaten eskatu du. Bestalde, 70 urtetik gorako bederatzi preso daudela ere aipatu du, eta horiek ere kalera atera behar direla azaldu du. Horiekin batera, 33 erbesteratuen eta zortzi deportatu politikoen "itzulera erraztu" behar da, Etxeraten arabera. 

Espainiako espetxeetan dauden presoei Frantzian egindako kondenaren denbora zenbatu ez izana salatu dute, bestalde. Frantzian preso dauden Jon Parot eta Jakes Esnal ere aipatu ditu: "31 urte preso egon ondoren, 70 urte bete ondoren, Xistor Haranbururen baldintzapekoa onartu ondoren, Frantses Gobernuak bi preso horiek preso mantentzearen deliberoa hartu du, Ipar Euskal Herriko gehiengo politiko eta sozialaren aldarrikapenak mespretxatuz". Egoera horien atzean dagoen borondatea "heriotz zigorraren aplikazioa" dela uste du Etxeratek. 

Bestetik, azaldu dute hiru hamarkada baino gehiago behar izan direla "presoen urruntze sistematiko orokortuari" amaiera emateko. "Ezin da este hiru hamarkada itxaron oztopoak eta galarazpenak behingoz gainditzeko. Ezin dugu jarraitu sufrikarioaren luzapenaren biktima izaten eta ezin da kondenatu euskal gizartea bizikidetzaren eraikuntza mugarik gabe atzeratzera". Euskal presoak etxean eta aske behar dituztela nabarmendu dute, amaitzeko. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!