Herritarren doinuak

Bost kantu kutunak: Iker Gurrutxaga

Karkara 2021ko abu. 25a, 09:00

KARKARAk sail berria abiatu du abuztuan. Arlo desberdinetako herritarrei gustukoen dituzten bost kantu zerrendatzeko eskatu zaie, horiek aukeratu izanaren arrazoiak lerro pare batean laburbilduz. Iker Gurrutxaga kazetariaren zerrenda da 'Bost kantu kutunak' saileko bigarrena.

"Lehenik eta behin esan gabe doa une honetan aukeratutako bost kantuen zerrenda, bihar beste bat izan daitekeela. Musikan emozioak zerikusi asko duelako eta emozioek musika aukeraketan zer esanik ez.

Oraingo honetarako, bost euskal kantu aukeratu ditut. Atzerritik ere asko edan dudan arren, bertakoari balioa ematea ezinbestekoa iruditzen zaidalako, are gehiago herriko komunikabide batean. Eta, herriko mugetatik atera gabe ere egin nezakeen aukeraketa, baina hori tumatxa iruditzen zitzaidan. Askotan aipatu izan dut 1996a mugarri garrantzitsua izan zela niretzat musikaren munduan, adina, eraginak, Europan zehar abesten izandako esperientzia, etxera CD irakurgailua iritsi izana… ez da kasualitatea urte hartako hainbat disko memorian iltzatuta geratu izana. Saiatuko naiz, dena dela, fonoteka urte gehiagotara zabaltzen".

1. Gozategi - Welcome to beach (Kalanbreak, 1998, Elkar): "Gozategi taldearen ‘Ainhoa‘ diskoari aipatutako 1996 hartan sekulako zukua atera ostean, bi urte beranduago etorri zen hurrengoa. Kanta honi hasiera-hasieratik sartu zitzaidan barruraino, duen melodiak asko laguntzen duelako hor. Baina, letrak eta bizi genuen garaiak, pisu handiagoa du hemen. Oraindik ere entzuten dudan bakoitzean akordatzen naiz Orion egindako triskantzaren aurretik genuen itsasadarraz eta hondartzaz. Golfa kendu egin zuten, Palazioko dunetan aritzen baitzen herritarren bat horretan ere… Baina yateak eta ipuin handi hori betirako geratu dira. Zer ginen eta non gauden pentsarazteko kantu paregabea".

2. Berri Txarrak - Isiltzen banaiz (Jaio.Musika.Hil, 2005, GOR): "GOR zigiluarekin kaleratzen zuten laugarren diskoko kantutzarra da hau. Inflexio puntu nabarmena eragin zuen diskoa. Sei urte lehenago, 1999an, Errenteriako Kilometroak festan ikusi genituen lehenengoz lagunartean Berri Txarrakekoak, naiz eta asko ez diren gogoratu ere egingo akaso. Beranduxeago Zumaiako San Telmoak ezagutu genituen hauei eskerrak eta unibertsitate garaian hasi berritan kaleratu zuten hau. Landerrek eta biok zenbat aldiz jarri ote genuen diskoa bueltaka A-8an! Taldea erreferente garbia da gure belaunaldiko asko eta askorentzat eta kantu honek taldearekin lotura bat sortzen dit. Bai dionagatik, «eta isiltzen banaiz ez da hitzik ez dudalako» (hurrengoan isilik geratzen naizenerako badakizue, kostako da baina…) eta baita esaldi horren harira ikaslea garaian Gorka Urbizuri galdera bat egiteko aukera sortu zitzaidalako. Orain, deseatzen nago Gorkak zerbait kaleratu dezan, ordutik bera elkarrizketatzeko sekulako nahia izan dudalako".



3. Su Ta Gar - Geroaren hazi hezia (Homo sapiens?, 1999, GOR): "Ez naiz taldearen jarraitzaile amorratu horietakoa izan, baina behin zuzenean ikusita eta behin musikarako belarria garatuta, ezin euskal talde hau aipatu gabe utzi. Baina kasu honetan, kantuaren aukeraketaren arrazoia ez da kuttuna delako edo ez. Gitarra astintzen ikasteko kantu bezala erabili izan nuelako, bai hau eta baita 2001ean kaleratutako ‘Jo Ta Ke’ bilduman jaso zuten ‘Jo Ta Ke’ abestia ere (entzun eta ulertuko duzue zergatik). Adrenalina askatzeko, amorrua ateratzeko eta barrua husteko abesti aproposa".



4. Olatz Salvador - Gelditu hor (ft. Idoia) (Aho Uhal, 2021, Airaka): "Azken bi urte hauetan, irratigintzari esker, berriz ere euskal musikara kateatu naiz eta astero-astero egingo nuke orain egiten nabilen bezalako hautaketa bat euskal musikaren bueltan izan ditudan talde eta abesti kuttunen inguruan. Haize freskoa eta emakumeek egin duten ahalduntzerako adibideak ekarri nahi nituen hautaketara. Gainera, Olatz Salvador Zaldua ere bada, eta Patxi Danbolinen ahaidea izanik, ezinbestean aipatu beharra zegoen hori. Horrez gainera, Idoia Asurmendik hartzen du parte abesti honetan, aurreko udazkenean Arraunetxen abesten izan zen artista puska, 2000. hamarkadan jaioa bada ere. Galdu zenuten aukera, baina ea berriz ere itzultzen den. Bi hauen ahots eta kantuaren borobiltasunari, Ane Labakak hitzetan diona da garrantzitsua hemen: «Min egiten badizu, ez egon hor. On egiten badizu, gelditu hor». Egunero-egunero presente eduki behar genukeen esaldia, gure buruak zaintzeko ezinbestekoa".


5. Benito Lertxundi - Nigarra begian (Hitaz oroit, 1996, Elkar): "Denborarekin balioan jartzen ikasi dut Benitok musikari egin dion ekarpen guztia. Bai hitzetan, bai kantatzeko moduan, doinuetan, profesionaltasunean, gertuko izatean… Miresgarria da benetan Benito. Kantu askoren artean bat aukeratu behar ordea, eta garaiak ‘Mirotzak‘ aukeratzea eskatzen badu ere, bere musikara gerturatu ninduen kantu hau jaso nahi izan dut hautaketan. Batetik, bilduma bitxi batean jaso zutelako egin nuelako topo kantuarekin, Euskal Herrian Euskaraz elkarteak ateratako ‘Euskal herriak behar du euskalduna eta librea!’ bilduman alegia. Beste doinu batzuk entzuten nituen garaian, Xalbadorren hiru bertsook denbora gutxian ikasteko balio izan zidan. Pausa hartu eta kantu honi arreta berezia jartzen nion diskoari emandako buelta bakoitzean. Oraindik ere kantuari hasiera ematen dion esaldiak zentzurik ez du galdu, ordea, eta horregatik egin dudan hautaketan ezin zuen falta: «Sumatuz eskualdunak ospetsu nahian, guretik deus ez duen hizkuntza mihian». Oraindik ere lepo beretik burua askok. Ospearen izenean denak balio duelakoan. A, eta horrekin ez dut beste hizkuntza batean abestuko duena kritikatuko, baizik eta hizkuntza baten edo bestearen aldeko hautua ospegatik egitea da salatzen dudana. Gure hizkuntzara pasa diren askok ere horregatik egin dutelako aldaketa, nahiz eta guk garaipen txiki moduan ospatu".

"Ea gustukoa duzuen aukeraketa eta gomendioren bat edo nahi izanez gero, eskatu lasai! Tira, eta musikazaleon elkargune bat martxan jarri nahiko balitz ere, dotore. Ea honek mataza askatu eta hari polita ekartzen duen atzetik. Gernikan, ‘Kafea eta gailetak‘ izeneko ekimena jarri zen martxan duela urte batzuk, geldirik ere egon ziren eta orain hasi dira berriz ere. Iniziatiba interesgarria inondik ere arte honen maitaleentzako!".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!