Ekintzailetasuna, enplegua, inbertsioak eta lehiakortasunerako diru laguntzak emango ditu UKUEk

Urola Kostako Udal Elkarteak diru laguntza deialdia egin du ekintzailetasuna, enplegua, inbertsioak eta lehiakortasuna hobetzeko egitasmoak sustatzek asmoz. Horretarako 905.000 euro gordeko dituela iragarri du. 

Dirulaguntza deialdiaren bitartez, lehentasunezkotzat jo du UKUEk "enpresei langileak kontratatzeko laguntza eskaintzea, ekintzailetzaren bidea hautatu dutenei dirulaguntzak ematea eta enpresen lehiakortasunaren alde, inbertsioetarako edota enpresen eta ikastetxeen arteko sinergiak eta lanketak bultzatzeko laguntza eskaintzea". Guztira 905.000 euro bideratuko ditu udal elkarteak diru laguntza hauetara. 

Jarduera ekonomikoak sortzeko edo proiektu berriak sustatzeko dirulaguntzak: 150.000 euro gorde dira lerro honetarako.

Kontratazioa eta kalitatezko enpleguaren sustapena: 75.000 euro gorde dira lerro honetarako. Langabeak kontratatzeko eta kalitatezko enplegua bultzatzeko laguntzak dira. 

Inbertsioetarako dirulaguntzak: 500.000 euro gorde dira.  Mankomunitateak azaldu duenez, honako hauek dira diruz lagun daitezkeen inbertsio-ildoak:

  • Negozioaren lehiakortasuna hobetzeko lagunduko duten inbertsioak
  • Teknologia berriak eta berrikuntza enpresan txertatzeko inbertsioak; besteak bese, TicketBai sistemarako fakturazio-softwareak.
  • Baldintza higieniko-sanitarioak bermatzeko inbertsioak; Covid-19an eragindako egoera dela medio, distantziak bermatzeko sistemak, lurruneztagailuak, terraza finkoak…  

Amaitzeko, enpresen lehiakortasuna hobetzeko egitasmoak garatzeko 100.000 euro gorde dira.

Diru laguntza hauek jasoko dituzte 2020ko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31ra bitartean burututako jarduerak. Lerro batean aurreikusitako kreditua agortzen ez bada, soberakina beste lerroetara bideratuko dela ere iragarri du UKUEk.

Deialdia, oinarriak eta eskabidea egiteko eredua eskura daude Udal Elkartearen webgunean.

Eskaerak eta erantsitako dokumentazioa bitarteko elektronikoak erabiliz aurkeztu behar dira, Urola Kostako Udal Elkartearen egoitza elektronikoaren bitartez

Eskaerak aurkezteko epea 2021eko irailaren 30ean amaituko da. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!