Larrañaga, Urbieta eta Ostolaza nagusi herri kirol txapelketetan

Amaia Urbieta Arruti 2021ko abu. 11a, 09:59

Josu Urbieta aiarrak irabazi zuen etxean Gipuzkoako Ingude Txapelketa. Etxetik oso gertu, Udane Ostolaza oriotarrarentzat izan zen Lau Arroako Harri-Jasotze txapela, eta lokotx biltzaile onena, berriz, Jon Larrañaga mendaroarra izan zen.

Gipuzkoako Lokotx Biltze, Ingude eta Lau Arroako Harri-Jasotze Txapelketak jokatu ziren atzo arratsaldean Aiako probalekuan. Maskarak soinean, dozenaka herri kirol-zale bertaratu ziren probalekura ikuskizunaz gozatzera. 

Lokotx biltzaileak hasi ziren lanean lehenik. Bost parte hartzaileek 50na lokotx saskiratu zituzten eta, iazko moduan, Jon Larrañaga mendaroarrak jantzi zuen txapela. 6 minutu eta 46 segundo behar izan zituen hark lokotx guztiak jasotzeko. Bigarren denborarik onena Gotzon Iruretagoiena aiarrak egin zuen: 7 minutu eta 7 segundoan bukatu zituen lanak. Haren atzetik geratu ziren, hurrenez hurren, Mikel Osoro (07:31), Xabier Melendo (07:32) eta Iñaki Alzaga (07:53).

Ondoren, ingudearen txanda heldu zen. Bi aiar atera ziren probalekura, eta haietako batek lortu zuen txapela; Josu Urbietak 86 jasoaldi egin zizkion ingudeari minutu eta erdian. Unai Goitia aulestiarrak gertutik jarraitu zion 84 altxaldirekin, eta hirugarren geratu zen Joseba Pagadizabal aiarra, 76 altxaldirekin. Laugarren, berriz, Gorka Emazabel hondarribiarra izan zen, 74 jasoaldi eginda. 

Azkenik, emakumezkoen lau arroako harri-jasotze txapelketa jokatu zen. Joseba Ostolazaren eskolako lau harri-jasotzaile atera ziren lanera, eta Udane Ostolaza oriotarrak egin zituen altxaldi gehien; denera, 49. Arroa bat hamabi kilo eta erdiko neurria da, beraz, 50 kiloko zilindroa, kubikoa eta bola altxatu zituzten lau harri-jasotzaileek. Bigarren postua ere oriotar batek lortu zuen, izan ere, 43 altxaldi egin zituen guztira Aroa Sanchezek. Koska bat beherago, hirugarren egin zuen Ane Zinkunegi usurbildarrak (35 altxaldi), eta oso gutxigatik, laugarren geratu zen Naiara Zumeta errenteriarra (34 altxaldi).

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!