Ez da kasu positiborik izan Orion eta Aian azken orduetan

Anartz Izagirre 2021ko abu. 24a, 13:10

Bederatzi kasu berri izan dira eskualdean, eta horien ia erdiak (4) Zarautzen izan dira. Hego Euskal Herrian, bestalde, jaitsi egin dira ospitalean dauden gaixoen kopurua zein positibotasun tasa.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak argitaratu berri ditu atzo, astelehena, egindako PCR eta antigeno proben emaitzak, eta, guztira, bederatzi kasu berri izan dira Urola Kostan. Atzoko datuekin, Azpeitia eremu gorritik laranjara igaro da, han ez baitute kasu berririk hauteman, eta gaur-gaurkoz, 361,37 da bertako 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako intzidentzia tasa. Txanponaren bestaldean Zumaia dago; izan ere, bi kasu berri hauteman ditu han Osasun Sailak, eta eremu laranjatik gorrira igaro da kostako herria. 407,04 da hango tasa metatua.

Eskualdean kasurik gehien Zarautzen detektatu dituzte: lau. Hala eta guztiz ere, Urola Kostako herririk handieneko tasa metatuak 325,52 izaten jarraitzen du; horrenbestez, eremu laranjan dago. Bestalde, Getarian bi kasu zenbatu dituzte, eta 636,04 da hango tasa. Azkoitian, berriz, kasu bat zenbatu dute, eta atzoko tasa metatu bera dute: 150,21. Eremu horian dago, beraz, Azkoitia. Eskualdeko gainontzeko herrietan ez da kasu berririk izan, eta honakoak dira herri horietako tasak: 50,38 Aian, 260,08 Aizarnazabalen, 806,45 Beizaman, 644,12 Errezilen, 212 Orion —eremu horian dago— eta 487,93 Zestoan.

Ospitaleetako presioak, behera

Hego Euskal Herrian, bestalde, 7.879 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo Osakidetzak eta Osasunbideak, eta horietatik 607 izan ziren emaitza positiboak. Lurraldez lurralde, Bizkaian atzeman dituzte kasu gehien (260), eta ondoren, Gipuzkoan (178), Nafarroan (102) eta Araban (60). Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik kanpoko zazpi herritarrek ere positibo eman dute proban.

Ospitaleratzeei dagokienez, hobera egin dute datuek. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 323 dira erietxeetan dauden gaixoak, eta horietatik 89 daude ZIUetan. Nafarroan, berriz, 87 pertsona daude ospitaleratuta, eta 27 dira ZIUetan daudenak. Positibotasun tasari dagokionez, %8,1 da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta %6,2 Nafarroan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!