Kasurik ez dute atzeman Aian eta Orion

Anartz Izagirre 2021ko abu. 27a, 13:10

Orotara, hogei positibo berri baieztatu ditu Osasun Sailak Urola Kostan. Gaur-gaurkoz eskualdeko 5.000 biztanletik gorako eskualdeko herri guztiak eremu gorritik kanpo daude. Oriok eremu horian jarraitzen du.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak argitaratu berri ditu atzo, osteguna, egindako PCR eta antigeno proben emaitzak, eta herenegun baino bost kasu gehiago zenbatu zituzten atzo eskualdean. Positibo gehien Zarautzen izan dira: zazpi. Une honetan, 274,13 da Urola Kostako herri handieneko 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako tasa, eta eremu horian jarraitzen dute. Azpeitian izan dira Zarautzen ostean kasu gehien: lau. Hala eta guztiz ere, apurka-apurka jaisten ari da herri horretako tasa metatua; 302,23 da, eta eremu horia oso gertu du Azpeitiak.

Bestalde,  Zestoan hiru kasu hauteman dituzte, baina tasa 539,29ra jaitsi da. Horrez gain, bi kasu hauteman dituzte Azkoitian, eta zertxobait gora egin du tasa metatuak; 166,90era igo da, baina oraindik ere eremu horian jarraitzen du. Errezilen ere bi kasu zenbatu dituzte, eta 644,12 da hango tasa, eskualdeko altuena. Aizarnazabalen eta Getarian, berriz, kasu bana izan da, eta honakoak dira herri horietako tasak: 520,16 Aizarnazabalen eta 530,04 Getarian.

Eskualdeko gainontzeko herrietan ez da kasu berririk izan. Beraz, Aian eta Orion ez da kutsatzerik izan; Oriok eremu horian jarraitzen du, baina tasak beherantz egin du, eta gaur-gaurkoz 163,08koa da. 

Ospitaleratu gutxiago

Hego Euskal Herrian, guztira, 7.114 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo, osteguna, eta horietatik 602 izan ziren emaitza positiboak. Lurraldez lurralde, Bizkaian hauteman zituzten kasu gehien (266), eta ondoren, Gipuzkoan (174), Nafarroan (87) eta Araban (66). Lau lurralde horietatik kanpoko bederatzi pertsonak ere positibo eman zuten proban.

Ospitaleratzeei dagokienez, berriz, 294 pertsona daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erietxeetan, eta horietatik 72 dira ZIUetan daudenak. Nafarroan, berriz, 90 dira eriak, eta horietatik 24 daude ZIUetan. Positibotasun tasak, bestalde, %10etik behera jarraitzen du Hego Euskal Herrian: %8,7 da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta %7,3 Nafarroan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!