Aian kasu positibo bat baieztatu dute asteburuan, baina bat bera ere ez Orion

Dorleta Agiriano Lai 2021ko abu. 30a, 13:30

Orion behera egin du kasu metatuen tasak, eremu horian jarraitzen duen arren. Aian, ordea, igo egin da tasa.

Azken hiru egunetan egindako PCR eta antigeno proben emaitzak argitaratu ditu jada Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Txostenaren arabera, ostiraletik igandera bitartean 24 kasu positibo baieztatu dituzte Urola Kosta eskualdean, aurreko asteburuan baino hiru gutxiago. Seina lagunek eman dute positibo Azkoitian (bostek ostiralean eta batek atzo, igandean) eta Azpeitian (banak ostiralean eta atzo, eta lauk larunbatean),eta Zarautzen lau kasu berri izan dira (bana ostiralean eta atzo, eta bi larunbatean). Zumaian hiru positibo hauteman dituzte asteburuan (bat larunbatean eta bi atzo), eta kasu bana zenbatu dute Aian (atzo), Aizarnazabalen (ostiralean), Errezilen (atzo), Getarian (atzo) eta Zestoan (ostiralean).

Asteburuko datuen ostean, eskualdeko udalerri gehienetan behera egin du kasu metatuen tasak: 520,16tik 390,12ra jaitsi da Aizarnazabalen, 320,23tik 249,67ra Azpeitian, 530,04tik 459,36ra Getarian, 163,08tik 146,77ra Orion, 274,13tik 209,88ra Zarautzen, 539,29tik 436,57ra Zestoan eta 305,28tik 264,58ra Zumaian. Azpeitia eta Zumaia eremu laranjatik horira igaro dira, beraz. Aian, Azkoitian eta Errezilen, ordea, gora egin du intzidentzia tasak: 50,38tik 100,76ra igo da Aian, 166,90etik 175,25era Azkoitian (eremu horian dago oraindik) eta 644,12tik 805,15era Errezilen. Beizaman hutsean jarraitzen du tasak.

1.307 kasu Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herrian, orotara, 1.307 kasu positibo detektatu dituzte azken hiru egunetan. Atzo, hain justu, 149 kasu izan ziren Bizkaian, 98 Gipuzkoan, 70 Nafarroan, 44 Araban eta bost lurralde horietatik kanpo bizi diren pertsonen artean. Ostegunetik hona Nafarroan gora egin du positibotasun tasak, atzo proba egin zuten lagunen artean %8,9k eman baitute positibo, eta ostegunean, berriz, %7,3k. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan alderantzizkoa izan da joera: positibotasun tasa %8,7koa izan zen ostegunean, eta %6,5ekoa atzo.

COVID-19ak jotako 294 pertsona daude ospitaleratuta Osakidetzaren ardurapeko erietxeetan, ostiralean bezainbeste. ZIUetan dauden lagunen kopuruak, baina, gora egin du: 72 ziren ostegunean, 69 ostiralean, 71 larunbatean eta 74 azken orduetako datuen arabera. Asteburuan, guztira, 97 ospitaleratze berri izan dira Osakidetzan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!