Digitalizazioari buruzko lau prestakuntza jardunaldi eskainiko ditu UKUEk eskualdeko enpresa txiki eta ertainentzat

Mireia Galarza Bastida 2021ko ira. 2a, 09:00

Irailean zehar izango dira saio guztiak, eta horien helburua izango da enpresa ertain eta txikiei laguntza eskaintzea beraien Industria 4.0 ibilbidean, digitalizazioaren alorrean urrats berriak eman ditzaten.

ETE digitala Urola Kostan egitasmoaren bidez, eskualdeko enpresa ertain eta txikiei laguntza eskaini nahi dio UKUEk beraien Industria 4.0 ibilbidean, digitalizazioaren alorrean urrats berriak eman ditzaten eta enpresaren baitako data estrategiak garatzeko, gobernantza sistema egokiak ezartzeko eta, funtsean, lan lerro estrategikoak identifikatzeko. 

Ekimenaren sentsibilizazio fasearen baitan, lau jardunaldi eskainiko ditu Urola Kostako Udal Elkarteak irailean zehar, eta lan saio bakoitzean digitalizazio alorreko alderdi zehatz bat landuko dute. Jardunaldi guztiak online izango dira, 45 minutuko iraupenarekin. Irailaren 16an, 21ean, 23an eta 28an izango dira saioak, guztiak 9:15ean.

Adituen eskutik, lan saio bakoitzean kasu praktiko bat ezagutzeko aukera izango dute parte hartzaileek. Elkarteak adierazi duenez, proiektua %100ean diruz lagunduta dago eskualdeko enpresentzat.

Izena emateko epea, irekita

Izena eman nahi duenak Urola Kostako Udal Elkartearen bidez egin beharko du, 943-89 08 08 telefonora deitu edo enpresa@urolakosta.eus helbidera idatzita. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!