Bero sapa izango da gaur ere egun guztian

Aritz Mutiozabal-Iñigo Gaiton 2021ko ira. 7a, 11:39
Argazkia: Iñigo Gaiton.

Bero itogarria egin zuen atzo, eta gauean ere ez da giro izan. Gaur goizean goiz ere termometroek balio altuak erakutsi dituzte; 08:15ean, esaterako, Orion 29 gradukoa zen tenperatura. Bazkalosterako espero da berorik handiena.

Gaur ere bero handia izango zela abisatu zuten eguraldi iragarpenek, eta bete-betean asmatu dute. Gauean ere ez du apenas freskatu, eta lehen ordutik bero sapa izan da kalean. Dena den, giro lainotuari esker, eguzkiak ez du zuzenean jotzen, eta oraingoz behintzat, gaurko tenperaturarik altuenak atzokoak baino baxuagoak dira.

Horrez gain, hego haizea ere ibili da goizetik, eta horri esker, haize korronte pixka bat bada toki batzuetan. Argazkian ikus daitekeen modura, Herriko Plazako bankuetan eserita ondo egoten da, han dabilen haizeak atseginagoa egiten baitu sentsazio termikoa. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!