Negozioen eskualdatzeari buruzko prestakuntza eta aholkularitza saioak eskainiko ditu UKUEk aurki

Helburua da negozioa ez ixtea hori bideragarria denean, titularra erretiratzen delako edo negozioa eskualdatzen duelako. Horretarako beharrezkoa den informazioa eta planifikazioan laguntza eskainiko ditu Urola Kostako Udal Elkarteak irail amaieran. Interesa dutenek irailaren 17a dute izena emateko azken eguna.

Enpresa edo negozio bat izan daiteke bideragarria, baina bertako lanpostuak arriskuan gelditu daitezke enpresako titularra jubilatzen denean edo enpresa hori eskualdatzeko erabakia hartzen denean. Negozio horiek irekita mantentzeko eta horrekin batera sortzen duen aberastasuna eta enplegua mantentzeko, prestakuntza eta aholkularitza saioak antolatu ditu Urola Kostako Udal Elkarteak.

Helburu zehatzak lortu nahi dira saioekin: batetik, jubilazioari dagokion araudia ezagutzea, hala nola erretiro adina, kotizazioak, prestazioak, jubilazio aktiboa eta aurre-jubilazioa; bestetik, barneratzea zer alderdi hartu behar diren kontuan ondorengotza eta eskualdatze kasuetan; eta azkenik, aldaketa horiek behar bezala planifikatzen erakustea.

Aurreneko saioak irailaren amaieran egingo dira, eta interesa dutenek izena emateko azken eguna irailaren 17a  dute. Aurreneko saioa irailaren 23an eskainiko dute. Hiru ordukoa izango da eta goizez egingo dute, 09:30etik aurrera, Urola Kostako Udal Elkartearen egoitza nagusian, Zarautzen. Bigarren saioak lau ordu iraungo ditu, eta hilaren 30ean egingo dute toki eta ordu berean hasita.

Prestakuntza saioen ondoren, banakako tutoretza saioak egingo dituzte. Lehendabizi, enpresen
diagnostiko laburra landuko da, enpresa bakoitzaren ondorengotza/eskualdatze aukerak aztertzeko. Gero, lanketa horietatik abiatuta eta banakako aholkularitza bidez, enpresaren balorazio ekonomikoa eta azterketa juridikoa egingo dira, eta ondorengotzari edo eskualdatzeari buruzko gomendioak emango dira.

Baldintzak eta izen-ematea

Hamar langile arteko eskualdeko enpresa txikiei zuzendutako ekimena da, baita eskualdatze prozesuren batean murgilduta dauden eskualdeko ekintzaileei zuzendutakoa ere.

Argibideak jasotzeko nahiz izena emateko (irailaren 17a da azken eguna) bi bide daude:

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!