Bi egunetako grebara deitu dute Gipuzkoako adineko egoitzetako egoera salatzeko

Nerea Uranga 2021ko ira. 13a, 10:30
Urola Kostako langileen iazko protesta bat. (Dorleta Agiriano Lai)

Gipuzkoako adinekoen egoitzetako langileen egoerak okerrera egin duela salatu dute ELA eta LAB sindikatuek. Horregatik, lan baldintzak hobetzeko eskatzeko beste bi greba egun deitu dituzte datorren asterako. Hiru urte daramatzate egoitzetako langileek beren lan baldintzak hobetzeko eskatuz.

Gipuzkoako adinekoen egoitzetako langileek aspaldi hasi zituzten protestak lan baldintza hobeak eskatuz; esaterako, 250. greba eguna egin zuten ekainaren 14an ELAk deituta. LABek deituta ere hainbat eta hainbat mobilizazio egin dituzte. Bi sindikatu horiek bi greba egun gehiago deitu dituzte adinekoen egoitzetan, irailaren 23 eta 24rako.

Lanuzte horietarako deia ostiralean egin zuten bai ELAk eta bai LABek. Egoitzetako langileek ez ezik, erabiltzaile diren egoiliarrek ere “prekarietate egoeraren” ondorioak jasaten ari direla salatu dute bi sindikatuek. Langileentzako baldintza hobeak lortuta, zerbitzuak ere “kalitatean irabazi” egingo lukeela nabarmendu dute, horregatik bi greba egun horietan egingo dituzten mobilizazioetan parte hartzera deitu dute.

LABek mobilizazioa egin zuen atzo Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean, eta lurraldeko adinekoen egoitzetako “egoera larria” dela azaltzearekin batera, grebarako deialdia egin zuen aurrez aipatutako bi egun horietarako.

LABen arabera, adinekoen egoitzetako egoerari "lehenbailehen irtenbidea” eman beharra dago. “Osasun larrialdia dela eta, aurretik larria zen egoera jasanezina bihurtu da Gipuzkoako nagusien egoitza gehienetan; gehiegizko lan-kargak eta egoiliarrei behar duten atentzioa eskaintzeko denbora falta, soldata-arrakalak egoitza berean edota lan berbera egiten duten sektoreko langileen artean, egutegietan egiten diren etengabeko aldaketak, opor egunez gozatzeko oztopoak, lanpostuen egonkortze eza edo justifikaziorik gabeko kaleratzeak, balorazio psikosozialik ez egitea, protokoloen eta segurtasun-irizpideen etengabeko aldaketak… Langileen eskubideen urraketen adibide argiak dira horiek guztiak”.

Egun egoitzetan bizi den egoera “zerbitzu publikoen pribatizazioaren, lan prekarizazioaren eta sektore feminizatuek duten errekonozimendu sozial eta ekonomiko ezaren” ondorio dela azpimarratu du LABek, eta “publifikazioaren alde” egin du. Gipuzkoako egoitzetako langileen lan hitzarmenaren negoziazioa “berraktibatu” eta gatazka “desblokeatzeko unea” dela ere esan du LABek.

Bi greba egunez gainera, Zaintzaldia antolatu du ELAk

Zaharren egoitzetako beharginen lan hitzarmenaren negoziazioa hasi zenetik ELAk deitutako grebaren 251. eta 252. egunak izango dira, irailaren 23koa eta 24koa. Bi egun horietan egingo dituzten mobilizazioetan sektoreko langileek zahar egoitzetan bizi duten “prekarietate egoera” kaleratu nahi dute: “Zaintzak duintzeagatik, azken batean”.

Donostiako 69. Zinemaldiarekin bat egingo dute greba egunetan, eta, jaialdiaren harira, Zaintzaldia antolatu du ELAk, “elkarretaratzeak eta protestak eginez”. Ekintza horrekin “zahar egoitzetan bizi duten prekarietate egoera sozializatuko” dute langileek eta egoiliarrek, eta zinema jaialdira joango diren artistak egoitzetako langileen borrokarekin bat egitera animatuko dituzte.

Zaintzaldia aurkeztearekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiak langileen eskaerak “errefusatzen” segitzen duela salatu du ELAk, eta bitartean beharginen eta egoitzeko egoera “gero eta larriagoa” da, “langile homologatuen faltagatik eta lan-karga jasanezinengatik”.

Hiru urte borrokan

Gipuzkoako zahar etxeetako langileek lan baldintza hobeak eskatuz hiru urte daramatzate protestan; aurreneko greba 2018ko irailaren 28an egin zuten. Ondoren, ordea, pandemiaren etorrerarekin, lanuztea eten eta lanera itzuli ziren. Izurriaren garaian haien lanerako baldintzek okerrera egin zuten, eta protestei heldu zieten berriro iazko urrian.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!