Beste bederatzi kasu positibo hauteman dituzte Aian

Andoni Elduaien 2021ko ira. 14a, 13:38

705,97raino igo da Aiako intzidentzia tasa. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kasu metatuen tasak, hala ere, berriz ere behera egin du; 166,39an kokatu da.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak kaleratu dituen datuen arabera, asteburuan bost kasu positibo atzeman ostean, Aian beste bederatzi kasu zenbatu dituzte azken orduetan. Hori horrela, hango intzidentzia tasa 705,97raino igo da. Orion, dena den, ez dute kasu berririk hauteman oraingoan. Kasu metatuen tasa 97,85ean dago oraindik, eta eremu horian jarraitzen du herriak.

Urola Kosta eskualdean hemeretzi kasu positibo baieztatu dituzte, guztira. Azkoitian, Azpeitian eta Zarautzen hiruna kasu positibo atzeman ditu Osasun Sailak. Azkoitiko intzidentzia tasa 216,97koa da, Azpeitikoa 210,25ekoa eta Zarauzkoa 107,08koa. Zumaian, berriz, positibo bat baieztatu dute, eta hango intzidentzia tasa 183,17koa da gaur. Eskualdeko gainerako herrietan, aldiz, ez dute positiborik baieztatu. Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen hutsean dute kasu metatuen tasa. Getaria, ostera, eremu berdean dago 35,34ko tasarekin eta Zestoa horian, 154,08ko intzidentzia tasekin.

Positibotasun tasa, behean

Hego Euskal Herrian COVID-19ak eragindako pandemia asko ari da apaltzen azken asteetan. Horren adibide dira atzo, astelehena, baieztatutako kasu positiboak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 6.289 test egin zituzten, eta 218 lagunek eman zuten positibo –Araban 21, Bizkaian 100, Gipuzkoan 89 eta lurralde horietatik kanpoko herritarren artean zortzi–; positibotasun tasa, beraz, %3,5ekoa izan zen atzo. Nafarroan, ostera, proba egin zuten 1.558 lagunetatik 27k besterik ez zuten eman positibo, hau da, proba egin zutenen %1,7k.

Atzoko datuen arabera, Osakidetzaren ardurapeko erietxeetan COVID-19ak jotako 31 lagun ospitaleratu zituzten, eta egun 166 lagun daude ospitaleratuta; 54 dira ZIUn dauden gaixoak. Nafarroan, berriz, bi lagun ospitaleratu zituzten atzo, eta gaur-gaurkoz 62 dira erietxean dauden herritarrak; ZIUn larri daudenak, berriz, hamazazpi dira. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan intzidentzia tasak beste bost puntu egin du behera, eta 166,39an kokatu da.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!