Kultura eta Sormen Industrien sektorearentzako prestakuntza saioak antolatu ditu mankomunitateak

Dorleta Agiriano Lai 2021ko ira. 16a, 15:00

Formakuntza tailer horien bidez, "teknologia berriak jardun profesionalean txertatzen" ikasiko dute Kultura eta Sormen Industrien sektoreko negozioek. "KSI alorra eta bestelako sektore ekonomiko tradizionalak" harremanetan jartzeko dinamika bat ere jarriko du martxan UKUEk.

Eskualdeko Kultura eta Sormen Industrien (KSI) sektoreari zuzendutako hainbat prestakuntza saio antolatu ditu Urola Kostako Udal Elkarteak (UKUE). Asmoa da, formakuntza horren bidez, baliabideak eskaintzea KSI arloko negozioei, "euren jardueretan teknologia berriak ahalik eta etekin handienarekin txertatu ditzaten".

Mankomunitateak bost prestakuntza tailer egingo ditu guztira, irailetik azarora bitartean. "Teknologia berrien alorreko alderdi zehatz bat landuko da" saio bakoitzean.

UKUEren egoitza nagusian, Zarautzen, izango dira eskola guztiak. Aurrez aurre eta hiru orduz arituko dira saio guztietan, hain justu, 09:30etik 12:30era.

Hona hemen programazioa:

  • Irailak 22. Foru Ogasunaren Ticket Bai programa ezagutzeko saioa.
  • Irailak 29. Kudeaketa Digital Optimizatua lantzeko tailerra. "Arindu eta sinplifikatu zure zereginak bezeroei zerbitzua eraginkortasun handiagoz eskaintzeko", zehaztu du mankomunitateak.
  • Urriak 13. Interneten presentzia aktiboa izaten laguntzeko saioa. Programazio digitaleko kanpainak martxan jartzeko urratsen inguruan hitz egingo da, besteak beste.
  • Urriak 27. Zerbitzuak kanal berrietan saltzen eta eskaintzen ikasteko formakuntza tailerra.
  • Azaroak 11. "Gailu mugikorraren erabilera adimentsuaren" bidez "negozioa arintzen" ikasteko saioa.

Mankomunitatearen Enpresentzako Zerbitzuaren bidez eman behar dute izena interesdunek, 943 890 808 telefono zenbakira deituta edo enpresa@urolakosta.eus helbidera mezu bat bidalita. Izen-ematea egiteko, enpresaren izena eta IZK, harremanetarako pertsona baten izen-abizenak, e-mail helbide bat eta telefono zenbakia zehaztu beharko dira.

Enpresak harremanetan jartzeko dinamika

Bestalde, eta "sektore tradizionaletako enpresen eta elkarteen erronkei erantzutea" helburutzat hartuta, UKUEk bi "esku-hartze" egingo ditu "kultura eta sormen alorreko profesionalen bitartez". Horretarako, "KSI alorra eta bestelako sektore ekonomiko tradizionalak" harremanetan jarriko ditu: "Enpresek eta erakundeek beharrezkoak dituzte epe laburrera izan ditzaketen erronkei erantzun egoki bat emateko begirada eta jardunbide berriak. Eta, aldi berean, artista eta sortzaile askok dute beren dohain eta konpetentziak bestelako jardun-sektoreen zerbitzura jartzeko interesa".

Esku-hartze horiek martxan jartzeko, dena den, "halako dinamiketan eskarmentua duten artistak eta sortzaileak hautatuko" ditu mankomunitateak; gero, "berariazko prestakuntza" eskainiko die, "etorkizunean erakunde eta enpresetan esku-hartze ez artistikoak eraginkortasunez" egin ditzaten.

Urriaren 18an izango da lehenengo formakuntza saioa, eta esku-hartze prozesuak izango dituzte hizpide. Bigarrena urriaren 25ean egingo dute, baina metodologiaren ingurukoa izango da saio hori. UKUEren egoitza nagusian eskainiko dituzte bi saioak, 09:30ean hasita; hiru ordukoa izango da lehenengoa, eta lau ordukoa bigarrena.

Dinamika honetan parte hartzeko ere mankomunitatearen bidez egin beharko da izen-ematea, 943 890 808 zenbakira deituta edo enpresa@urolakosta.eus helbidera mezu bat igorrita.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!