Beste kasu positibo bat baieztatu dute Orion

Intzidentzia tasak berdin mantendu dira Orion eta Aian. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako tasak, orokorrean, behera egiten jarraitzen du etenik gabe.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak duela minutu gutxi kaleratu ditu atzo, astelehena, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egindako PCR eta antigeno proben emaitzak. Txostenaren arabera, beste kasu positibo bat atzeman dute Orion, baina bat ere ez Aian. Atzoko kopuru berdinean mantendu dira, hala ere, bi herrietako intzidentzia tasak; 130,46an Orion eta 957,18an Aian.

Urola Kosta eskualdean, guztira, zazpi kasu positibo baieztatu dituzte. Azkoitian zenbatu dituzte kasu positibo gehien: lau, guztira. Intzidentzia tasa, ordea, berdin-berdin mantendu da han, 191,94ko tasarekin. Azkoitiko lau positiboez gain, kasu bana zenbatu dute Zestoan eta Zumaian. Zestoan, 128,40koa da kasu metatuen tasa –atzo 102,72koa zen–; eta Zumaian, berriz, 111,94koa da –atzoko bera–.

Eskualdeko gainerako herrietan ez dute kasu positiborik atzeman. Intzidentzia tasei dagokienez, behera egin dute Azpeitian eta Zarautzen; Azpeitian 236,53ko zenbatekoa dute egun eta 132,78koa Zarautzen. Getarian –35,34– atzoko kopuru berdinean mantendu da datua. Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen, berriz, hutsean dute intzidentzia tasa.

100eko langara hurbiltzen

Intzidentzia tasa 100eko langara hurbiltzen ari da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; izan ere, 115,79koa da gaur zenbatekoa. Hego Euskal Herrian 145 kasu positibo zenbatu zituzten atzo; horietatik 57 Bizkaian hauteman zituzten, 45 Gipuzkoan, 26 Nafarroan eta 11 Araban. Lurralde horietatik kanpo bizi diren beste sei lagunek ere eman zuten positibo. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 6.723 proba egin zituzten atzo, eta beraz, positibotasun tasa %1,8koa da. Nafarroan, aldiz, 2.027 proba egin zituzten, eta hori horrela, positibotasun tasa %1,3koa da.

Ospitaleen egoeraren berri ere eman dute Osakidetzak eta Osasunbideak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan atzo hamasei lagun ospitaleratu zituzten; egun, 114 pertsona daude Osakidetzaren mendeko erietxeetan, atzo baino hamar lagun gutxiago. ZIUn, ostera, 50 herritar daude gaixorik, atzo baino bi gutxiago. Nafarroan, bestalde, atzo hiru pertsona ospitaleratu zituzten, eta gaur-gaurkoz 45 dira Nafarroako erietxeetan dauden herritarrak. ZIUn, aldiz, hamabi lagun daude.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!