Asteburuan bi positibo atzeman dituzte Aian, eta bat bera ere ez Orion

Andoni Elduaien 2021ko urr. 4a, 13:31

Aiako intzidentzia tasak gora egin du; Oriokoak, aldiz, behera. Urola Kostan zazpi kasu hauteman dituzte ostiralaz geroztik, eta Hego Euskal Herrian 84 kasu zenbatu zituzten atzo; ondorioz, %1,9koa da positibotasun tasa.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak kaleratu berri duen txostenaren arabera, ostiralaz geroztik bi positibo baieztatu dituzte Aian, eta bakar bat ere ez Orion. Larunbatean zenbatu zituzten bi kasuak, eta intzidentzia tasa 554,16koa da egun, ostiralean baino 51 puntu altuagoa. Orion beherantz jarraitu du, eta 32,62koa da tasa; horrenbestez, eremu berdean jarraitzen du.

Urola Kosta eskualdean zazpi kasu positibo baieztatu dituzte orotara. Aiakoez gain, bina kasu positibo hauteman dituzte Azpeitian eta Zarautzen, eta kasu positibo bat Azkoitian. Azpeitian, ostiralean bi kasu zenbatu arren, behera egin du tasak, eta 151,12koa da egun tasa han –170,83koa zen ostiralean–. Zarautzen, ostiralean eta larunbatean positibo bana atzeman zuen Osasun Sailak. Han ere intzidentzia tasak behera egin du, eta eremu berdera igarotzetik gertu gelditu da herria; gaur-gaurkoz 68,53koa da tasa –ostiralean 85,66koa zen–. Azkoitian, aldiz, ostiralean detektatu zuten positiboa, eta igo egin da intzidentzia tasa; 91,80koa da egun han zenbatekoa.

Gainerako herrietan ez dute kasu positiborik hauteman, eta ondorioz, intzidentzia tasa jaitsi egin da herri gehienetan. Beherakada nabarmen nabaritu dute Zumaian; izan ere, eremu berdean sartu da. Ostiralean, eremu berdera igarotzetik muga-mugan gelditu zen Zumaia, baina, egun 30,53ko intzidentzia tasa dute han. Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen zeroan dute intzidentzia tasa, 35,34an Getarian eta 77,04an Zestoan.

Positibo gehien, Gipuzkoan

Atzo, igandea, 84 kasu positibo atzeman zituzten Osasun Sailak eta Osasunbideak. Guztira, 3.602 proba egin zituzten atzo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta beraz, positibotasun tasa %1,9koa izan zen. Araban, sei kasu positibo zenbatu zituzten, 21 Bizkaian, 37 Gipuzkoan, eta hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren herritarren artean. Nafarroan, aldiz, hamasei kasu positibo detektatu zituzten atzo.

Hego Euskal Herriko ospitaleek egonkor jarraitzen dute. Osakidetzaren mendeko erietxeetan, esaterako, behera egin du ospitaleratuen kopuruak ostiraletik, baina ZIUetan bi lagun gehiago daude. Egun, 57 daude ospitaleratuta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 39 ZIUn. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasa 63,28ko da gaur-gaurkoz, eta beraz, oso gertu dute hiru lurraldeek eremu berdera jauzi egitea.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!