TicketBAI sistemaren inguruan banakako aholkularitza emango du Urola Kostako Udal Elkarteak

Aitziber Arzallus 2021ko urr. 7a, 09:00

Aholkularitza jaso nahi dutenek azaroaren 30era arteko epea izango dute izena emateko, baina komenigarria da lehenbailehen egitea, plaza kopurua mugatua delako eta aholkularitza izen ematearen hurrenkeraren arabera eskainiko dutelako. Izena eman nahi dutenek edo informazio gehiago behar dutenek, enpresa@urolakosta.eus helbidera idatz dezakete edo 943-89 08 08 telefono zenbakira deitu.

Datorren urtean TicketBAI sistema erabiltzen hasi beharko dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jarduera ekonomikoren bat gauzatzen duten pertsona fisiko zein juridiko guztiek, eta Urola Kostako Udal Elkarteak (UKUE) sistema horren inguruko aholkularitza eskainiko die eskualdeko merkataritza eta zerbitzu enpresei. Negozio bakoitzak bere berezitasunak dituela jakitun, norberaren egoera eta beharretara egokitutako laguntza izango da. Horrenbestez, behin izena emandakoan, interesdun bakoitzak bere negozioari buruzko hainbat alderdi adierazi beharko ditu horretarako prestatutako galdetegi bat beteta.

Aholkularitza jaso nahi dutenek azaroaren 30era arteko epea izango dute izena emateko, baina komenigarria da lehenbailehen egitea, plaza kopurua mugatua delako eta aholkularitza izen ematearen hurrenkeraren arabera eskainiko dutelako.

TicketBAI Eusko Jaurlaritzaren eta EAEko hiru foru aldundien artean partekatutako proiektua da. Funtsean, iruzur fiskalari aurrea hartzeko neurri bat da. 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera, Gipuzkoako Foru Ogasuna derrigorrez hasiko da ezartzen TicketBAI sistema; eta 2022 urtean zehar, pixkanaka, sektore ekonomikoen arabera hedatuko da derrigortasuna.

TicketBAI sistema indarrean sartzen denetik aurrera, jarduera ekonomikoren bat egiten duen edozein pertsona fisikok nahiz juridikok TicketBAIren baldintzak betetzen dituen fakturazio sistemaren bat erabili beharko du. Ekimenak zenbait betebehar legal eta tekniko dakartza berarekin eta negozioek beren ekipamendu informatikoak egokitu beharko dituzte.

UKUEk bide horretanl aguntza eskaini nahi die eskualdeko merkataritza eta zerbitzu enpresei, eta Gipuzkoako Merkataritza Federazioarekin lankidetzan banakako aholkularitza emateko programa bat landu du.

Izena eman nahi dutenek edota informazio gehiago behar dutenek, enpresa@urolakosta.eus helbidera idatz dezakete edo 943-89 08 08 telefono zenbakira deitu, eta Eli Uzkudunengatik galdetu.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!